Poliziaren biktimen inguruan bilera sail bat egingo du Eusko Jaurlaritzak

Aresek dio txostenaren aurkezpena atzeratuko dutela «ahalik eta adostasunik handiena» bilatzeko asmoz

jokin sagarzazu
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak bilera erronda bat hasiko du Eusko Legebiltzarreko talde guztiekin «zio politikoa duen indarkeriak eragindako biktimen inguruko txostena» aztertzeko. Giza Eskubideen Zuzendaritzak indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan joan den legealdian landutako txostena osatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak, eta biktima horiei ordaina emateko neurri sorta ekaina baino lehen aurkeztu. Lau hilabete pasatu diren arren, txostena ez da Eusko Legebiltzarrera iritsi oraindik.

Juanjo Agirrezabala EAko eledunak atzoko kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez, Aresek adierazi du txostena «ia bukatuta» dagoela. Era berean, gaineratu du Jaurlaritzak legebiltzarreko taldeekin bilera erronda «diskretu bat» hasiko duela, testuak «adostasun politiko eta sozial ahalik eta zabalena izan dezan». Aresek azaldu duenez, gobernuaren asmoa da 2008an Legebiltzarrak egindako mandatua «zorroztasun handiz» betetzea. «Ez dugu biktimen artean parekatzerik egingo», nabarmendu du.

Agirrezabalaren irudiko, «kezkagarria» da Herrizaingo sailburuaren erantzuna, eta «lehen eta bigarren mailako biktimak» bereiztea leporatu dio. «Beharrezkoa da txosten horretan biktima guztiak maila berean jartzea. Ados gaude terrorismoaren biktimek eskubide guztiak izan behar dituztela; baina polizien legez kontrako indarkeriaren biktimak terrorismoaren biktimak ere badira».

EAko legebiltzarkideak azaldu duenez, egungo testuinguru politikoan beharrezkoa da biktima guztien aitortzan urratsak egitea. «Bakerako eta normalizazio politikorako behin betiko pausoak ematen ari garen garai honetan, gakoetako bat da kolore politiko guztietako familien sufrimendua aitortzea. Horrela lortuko dugu egindako urratsak atzera bueltarik ez izatea».

Gaia «bere intereserako erabili» nahi izatea leporatu dio Aresek Agirrezabalari, eta asteazkenean Memoriaren Egunaren karietara sortutako eztabaida ekarri du gogora. Herrizaingo sailburuaren arabera, EAk eta Aralarrek ekitaldi horietan parte hartu ez izanak agerian uzten du alderdi horiek «etekin elektoralak» nahi dituztela «biktimen gaia erabilita».

PSE-EEren, EAJren eta PPren babesarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetan ETA, GAL eta eskuin muturreko taldeen biktimak gogoan izan zituzten asteazkenean. EAk eta Aralarrek eta memoria historikoaren alorrean dabiltzan hainbat eragilek salatu zuten erakunde horiek albo batera utzi zituztela indarkeria politikoaren ondorioz izandako beste biktima guztiak: besteak beste, poliziek, talde parapolizialek eta kontrolik gabeko poliziek hildako, zauritutako, torturatutako eta bahitutako biktimak.

Txosten polemikoa

Jon Mirena Landa Giza Eskubideen Zuzendaritzako buru ohiak 2008ko ekainean aurkeztutako txostenak jasotzen ditu 1968. urtetik kontrolik gabeko poliziek, eskuin muturreko taldeek eta erakunde parapolizialek eragindako 109 hildako eta 538 zaurituren kasuak. Txostenak bi sailetan bereizten ditu biktimak. Estatuko segurtasun indarren indarkeriak eragindakoak batetik, eta indar parapolizial eta eskuin muturreko taldeenak bestetik. Halaber, argitu gabeko egoeran desagertutako edo hildako lagunen kasu ugari jasotzen ditu; besteak beste, Joxe Arregirena, Mikel Zabalzarena -Gipuzkoako Probintzia auzitegiak duela bi aste artxibatu zuen auzia-, Gurutze Iantzirena eta 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko langileena.

Torturaren gaiari ere heltzen dio. Aipatutako urteen artean, 5.000 eta 7.000 tortura salaketa inguru jarri zirela zehazten du.

Biktimen zerrendarekin batera, zenbait «gomendio» egitenditu. Hala, motibazio politikoko biktimentzako arreta zerbitzu bat sortzeko eta poliziaren indarkeriaren biktimak babesteko lege bat egiteko eskatzen du, besteak beste.

Txosten horri kritika gogorrak egin zizkieten PSE-EEk eta PPk; haien iritzian, «terrorismoaren» biktimak eta indarkeria polizialak eragindako biktimak «maila berean» jartzen ziren.

Rodolfo Aresek -orduan PSE-EEko eleduna zenak- esan zuen txostenak «terrorismoaren biktimak umiliatzen» zituela. Giza Eskubideen Zuzendaritzako buruak biktimekiko «ekidistantzia» agertu izana kritikatu zuen, eta zorroztasun falta eta «helburu politiko» argia leporatu zion Landari. «Bi indarkeria mota daudela diozue, gatazka politikoaren teoria justifikatzeko», adierazi zuen Aresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.