udalbiltza auzia

Poliziek ez dute Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu

Akusazioaren lekuko gisa deklaratu dute zortzik, eta beste zazpi ez dira agertu, "erretiratuta", "oporretan" edo "lanean kanpoan" daudelako. Polizia asko ez ziren 2003ko operazioko xehetasunez gogoratzen eta akusazioen galderak baieztatzera mugatu dira. Aurretik Larraitz Sazberro auzipetua mintzatu da, eta berretsi du Udalbiltzaren funtzionamendua "gardena" eta hautetsiek hartzen zituztela erabakiak, ez beste inork. Bihar segituko du Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketak, polizia gehiagoren deklarazioarekin.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2010eko uztailaren 22a
19:08
Entzun
Joan den ostegunean eta ostiralean -Udalbiltzaren aurkako epaiketako lehen bi saioetan- akusazioaren galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan baziren, ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratu gabe, gaurko saioan akusazioaren lekukoek ez dute Euskal Herriko udal erakundea ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu. Hain zuzen, Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuei alkate eta zinegotzi ziren garaian Euskal Herriko instituzio bat sortu eta haren bitartez nazio eraikuntzan saiatzeagatik ETAko kide izatea egozten diete baina, oraingoz, halakorik ez dute erakutsi.

Gaurko, akusazioaren lekuko gisa, hamabost polizia zeuden deituta Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina haietatik zortzik baino ez dute deklaratu. Gainontzekoak ez dira azaldu; besteak beste, ez zutelako hitzorduaren agiria eskura jaso, "erretiratuta", "oporretan" edo "lanean kanpoan" daudelako, idazkari judizialak esan duenez.

Zortzi horiek bideo konferentziz hitz egin dute, ez aretoan bertan, "lekukoen babesa" lortzearren; gehienak auzitegiko alboko gela batean izan dira eta bakarren bat beste hiri batetik mintzatu da.

Udalbiltzaren aurka 2003ko apirilean egindako operazioan parte hartutako poliziak izan dira deklaratu dutenak baina, oro har, ez ziren askorik gogoratzen ordukoaz. Apenas eman duten zehaztasunik aurkitu zutenaz. Udalbiltzaren egoitzan EHNA agiria egiteko dokumentazioa topatu zutela, horixe izan da eman duten azalpen zehatzena. Bestela, fiskalak eta herri akusazioaren abokatuak egindako galderak baieztatzera mugatu dira. Defentsak ez die galderarik egin.

Goizeko hamarrak pasatxo ekin diote berriro epaiketari, eta hamabi eta laurdenean bukatu da saioa. Bihar segituko dute, hamarretan, atzera akusazioaren lekukoekin -poliziekin-. Ondoren, irailean -7, 8, 9, 14, 15 eta 16an-.

Larraitz Sanzberro auzipetuak ere deklaratu du, besteen ildo beretik

Auzipetuen artetik Larraitz Sanzberro Oiartzungo zinegotzi ohia besterik ez zen falta deklaratzeko, eta gaur mintzatu da epaimahaiaren aurrean. Beste auzipetuek ostegunean eta ostiralean esandakoaren ildo beretik hitz egin du. Alegia, Udalbiltzaren funtzionamendua "gardena" izan zela, hautetsiek hartzen zituztela erabakiak eta ez beste inork, 2001ean Kursaalen egindako batzarreko edukiak 1999ko sorrera ekitaldiko igualak izan zirela eta orduan ere hautetsi independenteek parte hartu zutela, egitasmoaren atzean ETA zegoen susmorik ez zuela sekula izan, Udalbiltzak ez zuela 2003ko udal eta foru hauteskundeetako plataformarik sustatu, udal erakundea ez zela gobernu paraleloa...

Aurreko saioetan auzipetuek berretsi zuten Udalbiltza ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu. "Udalbiltzaren lana beti gardena eta publikoa" izan dela ere azpimarratu zuten. Akusazioen "zorroztasun falta" eta "gezurrak" salatu zituzten, bide batez. Udal erakundea Euskal Herriaren aldeko proiektua dela nabarmendu zuten eta sekula ez dela ideologia bati mugatua egon; "areago, pluraltasuna mantentzen sutsu saiatzen da, sigla politikoen mugak gaindituta".

21 auzipetu

22 auzipeturekin hasi zen osteguneko saioa, baina epaimahaiak berehala jakinarazi zuen Miriam Campos auzipetua ez duela epaituko. Izan ere, Campos 18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zuten, eta epaimahaiak dio ezin dela berriro epaitu gauza beragatik -ETAko kidea izatea egozten zioten orain ere-.

Fiskalak eta Dignidad y Justiciak 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte auzipetuak.

Epaimahaia Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak -Egunkaria auzian ere hala izan zen- eta Manuela Fernandez Prado eta Javier Martinez Lazaro epaileek osatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.