Gaur ere ez dute Udalbiltza Euskal Herriko udal erakundea ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu akusazioen lekukoek. 2003ko operazioan parte hartu zuten hamazazpi polizia izan dira deklaratzen Espainiako Auzitegi Nazionalean -uztailean hamaseik deklaratu zuten-; operazioako gauza zehatzez ez zirela akordatzen esan eta fiskalak eta herri akusazioaren abokatuak egindako galderak baieztatzera eta duela zazpi urteko atestatuak zioena berrestera mugatu dira. Uztailean mintzatu ziren poliziek gauza bera egin zuten.
Polizien deklarazioen arabera, atxilotuen etxeetan eta Udalbiltzaren egoitzetan nazio instituzioarekin lotutako dokumentazioa atzeman zuten 2003an, eta EHNA agiria tramitatzeko orriak. Udalbiltzako auzipetuek beti esan izan dute euren jarduera denak publikoak eta legezkoak zirela.
Joan den uztailean hasi zen epaiketa eta, abuztuko etenaren ostean, gaur ekin diete ahozko saioei, goizeko hamarrak pasa zirela. Hamabiak aldera bukatu dute. Beste hainbat polizia ez da azaldu auzitegira, oporretan, baja medikuan edo atzerrian daudelakoan, eta haietako askok ez dute deklaratuko. Epaimahaiak bi poliziari deitzeko agindu du, eta hilaren 29rako hitzordua jarri die.
Bihar defentsako lekukoen txanda izango da; 11 lekuko daude deituta, eta 16:30etik aurrera mintzatuko dira. Gero, hilaren 29an segituko du epaiketak, bi polizia haien deklarazioekin eta froga perizialekin -UGT eta CCOO sindikatuek ordurako greba orokor deialdia egina dute, eta ikusi egin behar Udalbiltzaren epaiketako saiorik izango den orduan-. Epaimahaiak hilaren 30erako eta urriaren 1erako ere jarri ditu saioak.
Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek ETAko kide izatea eta honi laguntza ematea egotzita 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte Udalbiltzako 21 auzipetuentzat. Horretaz gain, Udalbiltza, Udalbiltza Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uztea ere eskatzen dute.
udalbiltza auzia
Poliziek gaur ere ez dute Udalbiltzaren aurkako frogarik aurkeztu
Hamazazpi polizia mintzatu dira gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta esan dute 2003ko operazioko gauza zehatzez ez direla gogoratzen. Bihar arratsaldean defentsaren lekukoek deklaratuko dute, eta hurrena hilaren 29an segituko du epaiketak. Gaur ekin diote honi, abuztuko etenaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu