Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren biktimen arretarako bulegoko zuzendariak gaur goizean aurkeztuko du txostena Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Dokumentua Giza Eskubideen eta Terrorismoaren Biktimen Arretarako zuzendaritzek landu dute, Unesco etxearen laguntzarekin. 1968tik gaur egunera arte zio politikoak eragindako giza eskubideen urraketak aztertu ditu lanak, baina bereziki frankismoaren amaieratik 1985era gertatutakoak. Jaurlaritzak epe horretan kokatu ditu motibazio politikoak eragindako biktima gehienak. Biktima horiek poliziak eta talde parapoliziek eragindakoak izan zirela dio, eta «zigorgabetasunaz» baliatuta eta «helburu politikoarekin» egin zirela azaldu du.
Ordea, urte horretatik aurrera Poliziaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimak ez direla motibazio politikoak eragindakoak nabarmendu du. Nolanahi ere, giza eskubide guztien urraketakikertzeko eta biktimei erreparazioa emateko eskatu du.
Erreparazio programa
Biktima orori hiru eskubide nagusi bermatu behar zaizkiola azaltzen du txostenak: erabateko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, baita kalte-ordain «morala» ere, egia jakiteko eskubidea eta justizia izateko eskubidea. Eusko Jaurlaritzaren arabera, justizia izateko eskubideak esan nahi du estatuek «ikerketa azkarrak» eta «zorrotzak» egin beharko dituztela giza eskubideen urraketak zigortu daitezen.
Aitortza eta erreparazioa neurri zehatzekin bermatuko dituen erreparazio programa bat abian jartzea proposatu du txostenak. Hori egiteko bidea ere marraztu dute biktimen eta giza eskubideen zuzendaritzak: besteren artean diote erakundeek adierazpen publikoa egin beharko dutela egin beharreko urratsak azaltzeko, eta diru sail egokiak eta nahikoak onartu beharko dituztela biktimei arreta emateko.
Nazio Batuen Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak 2008an landutako txostenak egindako definizioetan oinarrituta, biktimen eta giza eskubideen urraketen azalpen teoriko zabala jasotzen du txostenak. Halaber, dokumentuak dio agintari publikoek eta euskal gizarteak biktima guztiei aitortza emateko «betebehar morala eta legala» dutela, biktima mota bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta eta horiek errespetatuta. Izan ere, biktima batzuen eta besteen arteko egoerak ezin direla parekatu argi utzi du txostenak.«Irmotasunez baztertu behar da errealitate hau gatazka politiko batek eragindako bi biolentziaren ondoriotzat agertu nahi duen azterketa».
Tortura kasuei ere aipamen egiten die lanak. Tortura salaketak ikertzeko nazioarteko erakundeek egindako gomendioak gogora ekarri, eta ikerketak egitea ezinbestekoa dela dio.
Lau neurri
1. Gune instituzionala. Kalte ordaina emateko neurrien diseinua, jarraipena eta berrazterketa egiteko gune administratibo berria sortzea. Organo horren egitekoa biktimei aitortza eta erreparazioa ematea litzateke.2. Neurriak. Biolentziaren eraginez giza eskubideak urratu zaizkien biktimen aitortza eta erreparazioa bermatzeko neurriak hartzea.
3. Diru laguntzak. Biktimen arreta bermatzeko baliabide nahikoak egon daitezen, diru sail nahikoak eta egokiak onartzea.
4. Adierazpen instituzionala. Txostenak zehaztutako neurriak martxan jartzeko erakundeek egingo dituzten urratsak publikoki adieraztea.
Eusko Jaurlaritzaren txostenaren ondorioak
Legebiltzarraren agindua. Eusko Legebiltzarrak 2009ko abenduaren 22an agindutakoa betetzera dator txostena.Biktima guztiak. Giza eskubideen urraketen diagnostiko oso batek bere baitan jaso beharko ditu terrorismoaren biktimak, agente publikoek eragindako eskubideen urraketen biktimak, Memoria Historikoaren Legean jasotakoak eta bestelako sufrimendu larri eta bidegabeen biktimak, baina egoera ezberdinak parekatu gabe.
Poliziak eragindakoak. Txostenak soilik aipatzen ditu polizien jardunak bizitzarako eta osotasunerako eskubideak urratu dizkieten biktimak.
Epeak. Biktimak izan diren epeak zehaztu ditu txostenak: frankismoa, 1980ko hamarkadara arteko tartea, eta 1980ko hamarkadatik gaur artekoa.
Erreparazioa. Gobernuek biktimei ordaina emateko neurri integralak hartu behar dituzte.
Demokrazia sakontzeko. Demokraziak eta Estatuak garai latzak ikuspegi kritikoarekin, gardentasunez, hobekuntzaz eta zuzentasunez berraztertzeko duten zilegitasuna indartzeko pausoa da txostena.
Gomendioak. Txostenak proposatutako gomendioak botere publikoek herritarren eskubideak babesteko osagarriak dira.
Erreparaziorako programa. Proposatutako neurriak kudeatzeko, gobernuak ordaina emateko programa bat egin beharko luke.
Txostenaren araberakoa. Erreparaziorako programak txostenak jasotako kasuetara egokituta egon beharko du.
Eskubideak. Biktimei justizia, egia eta ordaina jasotzeko eskubideak aitortu behar zaizkie.
Lan taldea. Gaia lantzeko lan taldea osatu beharko luke Eusko Legebiltzarrak. Adostasuna bilatu beharko luke lan taldeak.