Biktimak

Polizien biktimentzako lege berri bat egitea aztertuko dute Nafarroan

Laukoak konpromisoa agertu du pertsona horien eskubideak bermatzeko, eta PSN prest agertu da bat egiteko. Espainiako Gobernuak kendu egin du EAEko legearen kontrako helegitea.

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, poliziaren indarkeriaren biktimei iazko otsailean eginiko omenaldian. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
2018ko abuztuaren 3a
09:52
Entzun

Aste honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Mariano Rajoyren gobernuak (PP) jarri zuen helegitea, eta baliogabetu egin du 2015eko legea; horrek, Nafarroako Gobenua babesten duten lau taldeen iritziz, "babesik gabe" utzi ditu polizien eta GAL, BVE eta beste talde batzuen indarkeriaren biktimak herrialde horretan, eta hori nola konpondu aztertuko dute datozen hilabeteetan.

Konstituzionalaren erabakia salatzeko bi puntuko idatzia onartu du parlamentuak, Geroa Bai, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Ezkerraren aldeko botoekin. UPNk eta PPk bi puntuetan bozkatu dute aurka; PSNk lehenengoan, eta bigarrenean abstenitu egin da.

Laukoak salatu du Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Parlamentuaren borondatearen kontra egin duela eta biktimak aitortzeko eta erreparazioa emateko aukera oztopatu duela. Konprometitu dira biktima horien eskubideak defendatzeko eta legezko bide guztiak aztertzeko, biktimen aitortza eta erreparazioa gauza daitezen. Parlamentuari ez ezik lau indar politikoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote bere egiteko konpromiso hori.

EAEkoa "eredu"

PSN abstenitu egin da bigarren puntu horretan, baina prest agertu da lege berri bat lantzeko. «Eredu» gisa jarri du Eusko Legebiltzarrean 2016an onartu eta orain aldatuko duten legea. «Nafarroan ere legea egokitu eta hobetu beharko litzateke, han egin duten bezala», esan du Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak.

EAEko legearen kasuan, PPren gobernuak Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitea kentzearen truke Pedro Sanchezen gobernuak (PSOE) eta EAJk uztailaren azken astean adostu zuten aldaketak egitea testuan; besteak beste —eta bi aldeek orain arte azaldu dutenez— giza eskubideak urratu dituztenen erantzukizun judizial eta politikoak malgutzeko; polizia eta kargu politiko horien "ohorerako eskubidea, errugabetasun printzipioa eta datuen babesa" bermatze aldera, eta biktimen errekonozimenduaz arduratuko den lantaldeak esku hartzerik izan ez dezan sistema judizialaren zereginetan.

Hori nola gauzatuko duten ez dute zehaztu oraindik. Eta aldaketa horiek Eusko Legebiltzarrean onartu beharko dira. Gaur, ministroen kontseiluaren bileraren ostean jakinarazi du Espainiako Gobernuak kendu egin duela EAEko legearen kontrako helegitea.

Nafarroaren kasuan, Unai Hualde Geroa Baiko bozeramaileak ez du zehaztasunetan sartu nahi izan. "Ikusi behar dugu nola berma ditzakegun biktima hauen eskubideak", adierazi du. Aurrera begira espero du Nafarroako instituzioek gai horri buruz hartuko dituzten erabakietan esku hartze judizialik ez egotea.

EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, kritikatu egin ditu EAEko legean jeltzaleek eta sozialistek egin nahi dituzten aldaketak. Araizek azpimarratu du Poliziaren eta talde parapolizialen indarkeriaren erantzukizun politikoak argitu behar direla, hori ere "merezi" dutela biktimek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.