«Polizien erasoak direla eta», ikerketak egiteko eskatu du SOS Arrazakeriak

Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak beren zereginak ez dituztela bete agertu du

Iruñeko udaltzainek etorkin bati eginiko erasoa. BERRIA.
Iruñea
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Azken urteotan polizia indarren «gehiegikerien» aurka Nafarroako SOS Arrazakeriak jarritako salaketak kontuan ez dituztela hartu salatu du Jon Kepa Soltxagak, elkarteko kideak. Hortaz, legebiltzarkideekin bilerak egingo dituzte, eta Arartekora ere joko dute auziak ikertzeko eskatzeko. Kasu horien inguruan erantzukizun politiko eta sozialak hartu behar dituzte, Soltxagaren iritziz. SOS Arrazakeriak 2009. urteari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Parlamentuan.

SOS Arrazakeria duela hamabost urte hasi zen atzerritarren egoera aztertzen duen txostena argitaratzen. Amaitzear den urtean bi prozesu jarraitu ditu. Batetik azken bi urteetan arrazakeriaren fenomenoak Europako Batasunean izan duen bilakaera aztertu ditu, eta, bestetik, instituzio politikoek egoera horren inguruan hartu behar dituzten erantzukizunak aurkeztu dituzte.

«Europan, hitzaldi politikoetan, etorkinen kriminalizazioa areagotu egin dute, krisiaren eta immigrazioaren arteko lotura egiten dutelako». Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideakKataluniako hauteskundeetan PPk egindako kanpaina Europan zabaldu den joera horren barruan kokatzen du: «Islamofobia betikotu dute, eta hainbat alderdi ultraeskuindarretan dagoen egoera da».

Ekainaren 2009an Nafarroako SOS Arrazakeria Parlamentura joan zen, Nafarroako polizien aurka jarri ziren salaketen inguruko informazioa aurkezteko. Soltxagak Parlamentua «zoriondu» du, aurten arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka hainbat neurri hartzeagatik eta Frantziako Gobernuak bultzatutako ijitoen kanporatzeak salatzeagatik. Aldiz, polizien erasoengatik jarritako salaketak ikertzeko orduan izandako «isiltasuna» kritikatu du: «Polizien gehiegikeriak, erasoak eta tratu txarren inguruko ikerketak egiteko eta horiek galarazteko neurriak ez dira onartu». Beraz, Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak «beren zereginak» ez dituztela bete adierazi du Soltxagak, «guk eskatutakoaren inguruan ez dutelako ezer egin».

Polizien tratu txarrak edo erasoak jasan ondoren etorkinak baliabiderik gabe gelditzen direla salatu du Soltxagak. «Guregana etortzen dira, eta guk Parlamentura jotzen dugu erantzukizun politikoen eske». 2009an Iruñeko Udaltzaingoaren etxean grabatutako bideoa froga «ezin hobea» izan da SOS Arrazakeriako kidearen arabera. «Ordura arte frogak emateko eskatzen ziguten, eta ubeldurak eta lekukotasunak baino ez genituen. Bideoarekin erasoa frogatuta gelditu zen».

Nafarroako Parlamentuan auzi horren inguruan ikerketarik ez egiteko erabakia onartu zuten. «Baina ez zuten aho batez onartu», dio Villahizanek. Horregatik, Nafarroako legebiltzarkideekin zuzenean bilduko dira, eta babesa jasotzea espero dute. «Jarrera ona agertu dute». Ondoren, kasuak ikertzea nahi duten legebiltzarkideekin batera, Nafarroako Arartekora joko dute.

Etorkinek jarritako salaketak mantendu egin dira azken urtean. «Garai honetan, lanarekin zerikusia duten arazoak nagusitu dira, hala nola soldata jasotzen ez duten etorkinak edo kontraturik gabe lan egiten dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.