Poltsa, sexu ukituak eta tratu txarrak salatu dituzte kartzelatutako gazteek

Segiko kideak zirela aitortzea eta beste gazte batzuk inkulpatzea nahi zuten poliziek, AAMk esan duenez

Koldo Aldabe.
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Duela astebete atxilotu eta astelehenean espetxeratu zituzten sei gazteek torturak eta tratu txarrak salatu dituzte, atzo AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi zuenez.

Segi gazte erakundeko kide izatea leporatuta abenduaren 15-16ko gauean atxilotutako Oihana Lopez, Eneko Villegas, Izaskun Goñi, Garazi Autor, Ainhoa Villaberde eta Saioa Zubiaur gazteak dira tratu txarrak eta tortura salatu dituztenak. Espainiako Poliziak egin zituen atxiloketak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileren aginduz.

«Denek salatu dituzte tratu txarrak. Kolpe asko eman dizkiete gorputz osoan, kasu batzuetan buruan poltsa jarri diete arnasarik gabe utzi arte», zioen AAMk igorritako oharrak. Psikologikoki ere tratu «gogorra» jasan behar izan zutela dio AAMk.

Atxilotutako bi neskaren aurkako polizien «sexu jazarpena» ere salatu du; hain zuzen ere, biluzi egin zituztela eta ukituak egin zizkietela.

Tratu txar horien helburua, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dioenez, atxilotuek bai polizien aurreko deklarazioetan bai epailearen aurrekoetan Segi erakundeko kide zirela onartzea eta beste gazte batzuk inkulpatzea zen.

Sei gazteak Segiko buruzagitzako kideak zirela ebatzi zuen Grande-Marlaskak astelehenean, eta baldintzarik gabe kartzelatzeko agindu zuen.

Astelehenean une batez haiekin Auzitegi Nazionaleko ziega batean egon ahal izan ziren abokatuek ere aurreratu zuten gazteek esan zietela oso tratu txarra jaso zutela atxiloaldian.

Atxilotutakoen abokatuek eta senideek habeas corpus eskatu zuten, eta tortura eragozteko protokoloa martxan jartzeko ere bai. Ezezkoa eman zien Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Torregrosa, Ganboa eta Soto

Bestalde, hiru preso libre geratuko dira bermea ordainduta. Itsaso Torregrosa, Aritz Ganboa eta David Soto dira.

Itsaso Torregrosa gaztea libre geratuko da 30.000 euroko bermea ordainduta. Iazko azaroan atxilotu zuten gazte independentisten aurka egindako beste polizia operazio batean. Burlatako gazte horrek torturak salatu zituen, operazio hartan atxilotutako gainontzekoek bezala. Urtebetetik gorako behin-behineko espetxealdiaren ostean, bermea ordainduz gero libre uztea erabaki dute orain. Soto del Realgo espetxean urrundua egon da Torregrosa.

Bestalde, atzo azken orduan apurtu.org-ek jakitera eman zuenez, Haritz Ganboa eta David Soto ere aske geratuko dira bermea ordainduta. Askapenaren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten biak, irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.