Aberri Egunaren aurreko asteburuan ospatu ohi dute EAJko gazteek EGI Eguna, eta urtero aldatzen dute herrialdez. Bizkaiko Herrialde Exekutiba izan da aurtengoaren antolaketaz arduratu dena eta Mundaka aukeratu du ospakizunerako.
Andoni Ortuzat EAJren EBBko burua eguerdian egin duten ekitaldi nagusian izan da, eta Podemosen kontra egiteko baliatu du: "Entzungo zenuten egun hauetan; batzuentzat helburu nagusiena EAJ eraundeetatik kanporatzea da. Horixe da beren egitasmo bakarra". Eta Podemosen kontra ez ezik, ezker abertzalearen kontra ere egin du: "Hemen, batzuk herria eraikitzen ari ginen bitartean, beste batzuk, pankarta baten atzean, gu kritikatzen eta ‘epel’ deitzen. Eurak omen ziren benetako abertzaleak, abertzale bakarrak. Eta euskal gazteen izenean hitz egiten omen zuten. Hemen ‘betigazte’ asko egon dira beti , palestinoa eta polarra jantzita euskal gazteriaren zati handia erakarri zuten, eta gero gertatu zen gertatu zena".
Ortuzarrek hitz aurretik, ordea, Zuri Dagokizu goiburupean, zortzi kidek ahotsa jarri diete "gazteria kezkatzen duten gai nagusiei, besteak beste emantzipazioa, etxebizitza, berdintasuna edo langabezia". Ekitaldi politikoa amaitutakoan, triki-poteoa egin dute Mundakako herritik eta portuko eta Goiko Kaleko taberna eta jatetxeetatik. Eguerdi partean 150 pertsonentzako herri bazkaria egingo dute karpan. Arratsalderako hainbat jarduera eta joko antolatu dira 19:30eraino, ordu horretan hasiko baita bertso poteoa herriko kaleetan zehar.
Eguna amaitzeko, 22:30etik aurrera I am basque fest jaia egingo dute DJ batekin Talaiako pilotalekuan jarriko den karpan.