hondakinak

Porlan fabriketan zaborra erretzearen aurka egin du Greenpeacek

Talde ekologistak uste du hondakinak errausteak gizarteari eta ingurumenari kalte egiten diotela. Errausketaren aurka Gipuzkoa Zero Zabor taldeak ekainaren 17rako antolatutako ekitaldira joateko dei egin du Usurbilgo Itunak.

mikel p ansa
2012ko maiatzaren 29a
18:24
Entzun

Hiri hondakinak zementu fabriketan erabiltzeak ingurumen eta ekonomia "kostu negatiboak" dakarzkio gizarteari, Greenpeaceren esanetan. Porlan fabriketan hiri hondakinak erretzeko egitasmoak eta jarduerak aztertu ditu talde ekologistak, eta ondorio horretara iritsi da.

Hiri hondakinak zementu labeetan erre beharrean birziklatuko balira, irabazi ekonomiko handiagoak eta lanpostu gehiago sortuko liratekeela uste du.

Gainera, zementugintzako labeetan zaborra erretzean "produktu toxikoen hedapen kontrolik gabea" gertatzen dela ohartarazi du Greenpeacek: "Instalazio industrialei bakarrik ematen dizkie irabazi ekonomikoak". Gizartearentzat, aldiz, errausketak kostuak dakartzala salatu du.

Bartzelonan aurkeztu du txostena Greenpeacek, gaur: Hondakinen errausketaren atzeko atea. Katalunian badira hiri hondakinak erretzen ari diren zementu fabrikak, baina baita Espainian, Galizian eta Euskal Herrian ere, eta guztiak aztertu dituzte.

Cementos Portlanden Lemoako eta Cementos Rezolaren Añorgako eta Arrigorriagako lantegiek baimenak dituzte hiri hondakinak erretzeko. Olatzagutiko Cementos Portlandek, berriz, biomasa erretzeko baimena du. 

Errausketarik eta zabortegirik gabeko eredua eskatu du Usurbilgo Itunak

Ekainaren 17an Donostian Saguesen egitekoa den mosaikora joatera dei egin du Usurbilgo Itunak. Errausketaren aurka, Gipuzkoa Zero Zabor taldeak antolatu du ekitaldia, Aire garbiak bira naza. Zero errausketa leloarekin. Europako Batzordeak eman berri duen agindua gogorarazi du Usurbilgo Itunak: zabortegiak ixteko eta birzikla daitezkeen gaiak ez errausteko. Bide horri jarraitzeko eta zabortegiak eta errauste plantak alde batera uzteko eskatu dute. Hondakinen errausketak birziklapenaren kontra egiten duela seinalatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.