Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak (UPN) herenegun egin zuen bezala, Olatzagutiko Cementos Portland enpresak zaborrak erretzeko duen proiektua babestu dute PSNk eta NaBaik. Nafarroako Parlamentuko Ingurumen, Landa Garapen eta Industria Batzordeko ordezkariek lantegia bisitatu zuten atzo, eta Bildu aurka azaldu zen. Gainerakoek «beharrezkotzat» jo zuten, lantegiaren etorkizuna bermatzeko.
Bisita egiteaz gain, langile batzordeko buru Javier Lekunberrirekin ere egon ziren parlamentariak. Lekunberrik azaldu zien egun duen plantetako bat ixtea aztertzen ari dela Portland enpresa, eta Olatzagutikoa arriskuan egon daitekeela. Izan ere %60 gutxitu da haren jarduera: «Oso kezkatuta gaude. Balorizazio energetikoak ez du bermatzen plantak jarraitzea. Baina baikorrago izateko aukera ematen digu». Proiektuak ingurumenean eta herritarren osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarrien inguruan, «uste faltsuak» direla uste du. Hala, egitasmoa babestu zuen. «Gure lehiakide handiena Lemona da, eta han 15 urte daramatzate balorizazio energetikoa egiten. Horrek, ekoizpen kostuak gutxitzeaz gain, CO2 isuriak gutxitzen ditu».
Proiektua salatu zuen Bilduko parlamentariak, baina bisitan izan rien gainerako alderdietako kideek proiektua babestu zuten. PSNko Samuel Caroren iritziz, parlamentuko gehiengoa alde dago. «Balorizaziorik gabe, inork nahi ez duguna gertatzeko arriskua dago: planta ixtea. Egoera oso kezkagarria da. Sakanak ezin du halakorik onartu». Enpresaren proposamena «zentzuzkoa, arrazoizkoa eta beharrezkoa» da, NaBaiko Manu Aierdiren esanetan. «Ingurumen araudia zorrotz betetzeko eskatuko dugu». UPNko Maribel Garcia Maloren irudiko, planta ez da lehiakorra izango, proiektua gauzatzen ez bada. «Ulertzen ez duguna Bilduren jarrera da. Lemoan lankidetza jarrera dute, eta hemen ez».
Sakanako herritarrentzat «errespetua» nahi du Bilduko Bikendi Bareak. «Ez dugu nahi lanpostuak galtzea. Baina garbi dugu herritarren interesak enpresaren interesen gainetik egon behar dutela».
Antzera mintzatu da Olatzagutiko udal gobernua. «Araudia eta emandako hitza betetzeko eskatzen diogu enpresari, eta erretira dezala proiektua. Izan ere, herritarren arteko elkarbizitza apurtzen ari da».
Elkarretaratzea, atarian
Parlamentariak bisitan ziren bitartean, elkarretaratzea egin zuten Hiru Mugak Batera plataformako kideek. Zaborrak ez errausteko eskatu zuten, eta enpresaren jokabidea salatu.«Hitzeman zuten ez zutela proiektua abian jarriko herritarren borondatearen kontra. Baina ez dira hori betetzen ari. Baimenak lortu, eta 20.000 tona zabor erre nahi dituzte». Horren arriskuaz ohartarazi dute. «Osasunarentzat eta ingurumenarentzat oso jarduera kaltegarria da, eta arriskuan jarriko lituzke eskualdearentzat oinarrizkoak diren hainbat sektore: nekazaritza, abeltzaintza eta turismoa».
LABen ustez, enplegua eta osasuna ez dira bateraezinak. Onartezina iruditzen zaio Nafarroako Gobernuak Cementos Portlanden egitasmoa babestea. «Kontrol falta handia dago halako jardueretan, eta kalte egiten zaie osasunari eta ingurumenari».