Portlanden mesedetan aritzea egotzi diote Barcinari

Bilduko, NaBaiko, PSNko eta Ezkerrako hainbat hautetsik errespetua eskatu dute udal eskumenentzat

Erredakzioa
Iruñea
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Udalen eskumenak errespetatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari Sakanako Bilduko, NaBaiko, Ezkerrako eta PSNko hautetsiek, eta Cementos Portland Valderribas enpresari Olatzagutian zaborrak erretzen hasi ahal izateko bidea ematen dion Udalez Gaindiko Plan Berezia salatu dute. Nafarroako Gobernuak onartu zuen plan hori: «Interes orokorraren aitzakian, Olatzagutiko Udalaren gehiengoaren nahia ez betetzen ahalegintzen ari da. Dirudienez, proiektua defendatzeko orain arte erabiltzen zituen argudioak ez dira nahikoa interes orokorrekoak izan».

Hautetsiek gogorarazi dute eskualdeko herritarrik gehienakbehin eta berriz azaldu direla Portlandek zaborrak erretzearen aurka; baina hori kontuan hartu beharrean, Nafarroako Gobernuak plana onartu zuela. «Opor garaian egin dute, gainera, eta plan berezi gisa. Horren ondorioz, talde eta kaltetu askok ezin izan dute plana aztertu. Ez dute alegaziorik aurkezteko modurik izan».

Plan hori onartuta, Portlanden egitasmoari apirilean hainbat kaltetuk jarritako alegazioei buruzko argibideak eskatu dituzte. «Ez dugu erantzunik jaso. Ez dakigu aurkeztutakoak kontuan hartu dituzten. Nafarroako Parlamentuak ere eskatu ditu argibideak proiektuaren inguruan, baina orain arte ez du erantzunik jaso».

Portlandek izandako jarrera ere kritikatu dute. «Hitzeman zuen modu zehatz eta argigarri batean informatu zuela bere asmoen inguruan. Baina Nafarroako Gobernuaren babesean hartu duen indarrezko jarrerak sinesgarritasuna kentzen dio».

Halako jarrerak saihesteko, elkarrizketarako unea dela uste dute. «Gizartean eta ekonomian hainbesteko eragina duten proiektuen inguruan ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren eta udalen arteko akordioa. Ezinezkoa da etengabeko gatazka batean egotea. Hemen bizi garenak gara horren ondorioak jasaten ditugunak».

Bestalde, Olatzagutiko PSNren bozeramaile Juan Jose Galartzak babes osoa azaldu dio Portlandi zaborrak erre ahal izateko bidea emango dion Udalez Gaindiko Planari. Gainera, gogorarazi du Portlanden asmoen aurkako mozioa onartu zuen zinegotzia, Miguel Angel Solis, dagoeneko ez dela PSNko kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.