Irlandaren bideari jarraitu nahi diote Portugalek eta Greziak. Aurten amaituko zaie biei erreskate programa, eta zorraren merkatuetara bueltatzen hasi dira apurka-apurka, espero baino emaitza hobeagoekin. Baina oraindik kili-kolo daude bi-biak, eta ikusteko dago troikaren diru iturria itxi ostean euren kabuz aurrera egiteko gai izango diren ala bestelako laguntza batzuk behar izango dituzten.
Grezian legez, Portugalen ere troikak muturreko austeritatea ezarri du azken urteetan. Datu makroekonomiko batzuk hobetu dira —langabeziari %15,3an eutsi dio eta iaz BPGa %1,4 uzkurtu ondoren aurten %1,2ko hazkundea izatea espero dute —, prezio garestia ordaindu dute herritarrek: pobrezia asko hazi da, soldatak, pentsioak eta gizarte zerbitzuak izugarri txikitu dira eta zorrak igo. Itota dago gizartea.
Halere, Nazioarteko Diru Funtsa baikor dago. Datorren maiatzaren 17an amaituko da, ofizialki, troikak Portugali emandako 78.000 milioi euroko erreskate programa. Asteon egon dira beltzezko gizonak Lisboan, nazioarteko maileguaren azken zatia eman aurretik, lan merkatuan eta pentsioen arloan Pedro Passos Coelho kontserbadorearen gobernuak benetako urratsak egingo dituela bertatik bertara ziurtatzeko. Aurten 1.400 milioi euro gehiago aurreztu beharko du Portugalek.
Dublinek arrakastaz egin bezala, Lisboa ere merkatuetara itzuliko da maiatzean —hamar urteko zorraren interesa %3koa du—, baina ondo ateratzen ez bada baliteke EBko bazkideen mailegu lerro berezi bat erabili behar izatea, "segurtasun sare bezala".
Zorra negoziatzekotan
Atenasen ere baikor da gobernua. Asteon bete dira lau urte lehen erreskatea jaso zuenetik, eta asteon Eurostatek baieztatu du Greziak %0,8ko superabit primarioa izan duela —zorraren interesen ordainketa kontutan hartu barik—. 2012an Atenasek Eurotaldearekin adostu zuen superabit primarioa lortzen zuenean hasiko zirela zorraren berregituraz —zati bat kitatzeaz edo ordainketa epeak luzatzeaz— negoziatzen. Bada, iritsi da momentua, zor publikoa BPGarekiko %175era iritsi denean.
Gainera, duela bi aste bost urterako 3.000 milioiko zorra saldu zuen merkatuetan sei urtean lehen aldiz, %4,75eko interesarekin. Greziarrek ez dute hobekuntzarik nabari, baina Atenas abiadako lerroan prest dago, Lisboa bezala, aurten bakarkako lasterketa hasteko. Ez da ehun metroko lasterketa bat izango, ezta 110 hesiduna ere. Maratoi hesidunetik gertuago egon daiteke.