Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren tortura salaketei buruzko epaiketa gaur bukatu da -astelehenean ekin zioten-, eta ondorioen tartean Gipuzkoako Fiskaltzak, egunotan entzundako adierazpenak eta aurkeztutako frogak aztertuta, atxilotuek "tortura larriak" jasan zituztela ondorioztatu du. Lesioak poliziek nahita egindakoak izan zirela dio, eta indarkeria alde bakarrekoa izan zela nabarmendu du. Atxiloketaren uneko lesioak izan ziren larrienak, fiskalaren iritziz, Guardia Zibileko GAR taldeko kideek egindakoak. Trasladoetan, berriz, "ez ziren hain larriak izan; horko tratu txarrak integritate fisikoaren kontrako delituak dira, ez torturak".
Hala, Fiskaltzak auzipetutako hamabost guardia zibiletatik hamarrentzat eskatu du zigorra, epaiketa hasi aurreko bera: birentzako hiru urteko espetxea, beste birentzat bikoa eta gainerakoentzat egun batzuetan lokalizatuta egoteko zigorra. Porturi eta Sarasolari kalte-ordainak emateko ere eskatu du.
Fiskalak salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zituela ikertu atxilotuen tortura salaketak. Gainera, bere arabera, "guardia zibilen abokatuak aurkeztutako auzi medikuak ez dira epaimahaiari laguntzera etorri". "Tortura epaitzeko zailtasun juridikoak" daudela ere erantsi du.
Bi orduko azalpena egin du Gipuzkoako Fiskaltzak. Aretoan entzule gisa dauden poliziak ez dira une horretan eroso egon eta epaileak errespetua eskatu die.
Beste eskaerak
Fiskalaren ondoren Portu eta Sarasolaren abokatu Amaia Izko hasi da deklaratzen. Haren arabera, epaiketan frogatuta geratu da bi haiek tortura eta tratu txarrak jasan zituztela. Fiskaltzaren azalpen juridikoekin bat egin du. Sei urtetik hamazpira bitarteko zigorrak eskatu ditu hamabost agenteentzat, tortura eta lesio delituak egitea egotzita: batentzat hamazazpi urteko espetxe eskaera, seirentzat hamaikakoa eta beste denentzat hamarrekoa. Akusazioak ere biktimentzat kalte-ordainak galdegin ditu.
Guardia zibilen defentsak guztien absoluzioa eskatu du, haietako inork deliturik ez duela egin iritzita. Espainiako Estatuak ere auzian parte izatea erabaki du, estatuaren abokatuaren bitartez. Baina ez du torturak zigortzeko jarrera hartu; aitzitik, guardia zibilak babestu, eta akusatu guztiak libre uztea eskatu du.
Portu lesio hilgarriekin erietxera, medikuen arabera
Gaur lehendabizi Portu Donostiako Ospitalean artatu zuten medikuek deklaratu dute, eta atxilotua egoera larrian, lesio hilgarriekin iritsi zela baieztatu dute guztiek.
Auzitegi medikuak atzo bat etorri ziren Portu eta Sarasolaren testigantzarekin
Atzoko saioan, berriz, argi eta konbentzituta hitz egin dute auzitegi medikuek: Igor Portuk eta Mattin Sarasolak gorputzean zituzten zauriak bateragarriak dira bi atxilotuek egin zuten tortura testigantzarekin. Aldiz, ustezko bi etakideek gorputzean zituzten zauri garrantzitsuenak ezin dira Guardia Zibilak emandako kontakizunaren arabera sortuak izan. David del Valle eta Lurdes Goenaga auzitegi medikuek banaka-banaka aztertu zituzten atzo Portuk eta Sarasolak atxiloketa garaiko azterketa medikuetan eta argazkietan gorputzean azaldu zituzten zauriak. Traumatologian espezialistak dira biak, eta Del Vallek zaindu zuen Portu Donostiako erietxean egon zen garaian. Donostiako Auzitegiak eskatuta osatu zuten txostena, eta ondorio argia atera zuten: torturak salatu dituzten bi lagunek zituzten zauriak ez dira atxilotzeko orduan plakatze bat eginda edo besotik helduta lurrera bota eta han indarka ibiltzearen ondorio. Ubeldura gehienak kolpeek sortuak direla azaldu zuten, aldeen galderei erantzunez.
Nolanahi ere, Portu eta Sarasola torturatzea egotzita Donostiako Probintzia Auzitegian epaitzen ari diren hamabost guardia zibilen defentsak beste bi mediku eman zituen, zauriak atxilotzeko orduan egin zirela dioen bertsio ofizialari sostengua emateko. Irmoak izaten saiatu ziren, baina hipotesiekin ari zirela aitortu behar izan zuten, behin baino gehiagotan.
TORTURAK
Portuk eta Sarasolak "tortura larriak" jasan zituztela dio fiskalak, eta lau guardia zibilentzat kartzela eskatu du
Bukatu da epaiketa. Gipuzkoako Fiskaltzak auzipetutako hamabost guardia zibiletatik hamarrentzat eskatu du zigorra: birentzako hiru urteko espetxea, beste birentzat bikoa eta seirentzat egun batzuetan lokalizatuta egoteko zigorra. Hark uste du Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren lesioak poliziek nahita egindakoak izan zirela eta indarkeria alde bakarrekoa izan zela; "tortura epaitzeko zailtasun juridikoak daude". Akusazioak sei urtetik hamazpira arteko espetxe zigorrak eskatu ditu hamabost agenteentzat. BERRIA.INFOk gaur ere zuzeneko kontaketa egin du auzitegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu