Positiboen ehunekoak ez du nahi beste egiten behera. Herenegun, egindako proben %6,5ek eman zuten positibo, eta atzo, %5ek. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 7.410 proba egin ziren atzo, eta haietatik 369k eman zuten positibo.
Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 160. Nafarroan 89 lagunek eman zuten positibo; Gipuzkoan, 81ek; eta Araban, 35ek. Behera egiten ari da, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan daudenen kopurua: 87 daude orain, joan den urtarrilaren 16tik izan den kopururik txikiena. Gela arruntetan, berriz, 32 lagun ospitaleratu zituzten atzo.
Horretaz gain, Osakidetzak dei egin die martxoaren 5aren eta 20aren artean Ataungo (Gipuzkoa) Troskaeta, Urbieta eta Sutegi tabernetan egondako lagunei, baheketa bat egiteko. Osasun zerbitzuek bihar jarriko dute probak egiteko postu bat San Martin pilotalekuan.