Olatua harrotuta dator. Atzo, 795 COVID-19 kasu gehiago atzeman zituzten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, 8.874 PCR eta antigeno proba egin ostean. Horrek esan nahi du positibo tasa %8,9 dela uneotan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutako gehienezko langa (%5) luze gaindituta.
Herrialdeka, Araba da positibo gutxien atzeman duen herrialdea: 67; Bizkaian, 261 kasu detektatu dituzte; Gipuzkoan, 265; eta Nafarroan, azkenik, 197. Datu horiekin, itxiera perimetrala ezarri beharko dute Gipuzkoan, aise gainditu baitu 400eko intzidentzia tasa metatua. Uneotan, 14 eguneko tasa 450,96 da Gipuzkoan, 100.000 biztanleko. Bizkaian, oro har, ez dira kopuru horietara iritsi, baina Bilbon intzidentzia tasa are handiagoa erregistratu berri dute: 471,03.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, Osakidetzak jakinarazi du 125 gaixo larri daudela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan.