SARS-CoV-2 koronabirusaren transmisioa geldotzen ari da Hego Euskal Herrian. Ostegunaz geroztik, egunero kasu gutxiago atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Atzo egindako 9.041 PCR eta antigeno proben artean, 537 positibo detektatu dituzte. Tasa %5,9 da, hortaz; atzo baino apur bat handiagoa. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurria kontrolpean izateko gehienezko ehunekoa, eta langa horretatik jaitsi ezinda jarraitzen dute datuek.
Araban, 31 positibo atzeman dituzte; Bizkaian, 236; Gipuzkoan, 168; eta Nafarroan, berriz, 101.
Beste 50 eri ospitaleratu dituzte azken orduetan. Oraintxe, denera, 701 gaixo daude Hegoaldeko erietxeetan. Horietatik 202 larri daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gaurtik aurrera, arintze fasean da Euskal Herria. Hegoaldean, alarma egoera bertan behera geratu da gauerdian, eta neurri arinagoak egongo dira indarrean. Iparraldean, astelehenetik daude arintze fasean.