Donostiako Nazioarteko Konferentzia

Powell: "Europako azkeneko gatazka armatua konpontzeko garaia da"

Datorren asteleheneko Donostiako Nazioarteko Konferentziaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteko buru ohiak. "Bukaeran denek sentitu behar dute irabazle". "Nazioarteko buruzagiak" izango dira konferentzian.

2011ko urriaren 11
15:50
Entzun

Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteko buru ohiak azpimarratu du Euskal Herrikoa dela "Europako azken gatazka armatua" eta "konpontzeko garaia" dela. Donostian astelehenean egingo duten Nazioarteko Konferentziaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok Powellek, Donostian bertan, Bakearen Etxean.

Haren arabera, bukaeran ez da irabazlerik eta galtzailerik izan behar; "denek sentitu behar dute irabazle". "Bake iraunkorra" lortzeko denen artean hitz egin beharra dagoela dio Powellek, "hori ez baita erdiesten zure lagunekin soilik hitz eginda, baizik eta zure etsaiekin hitz eginda". 

"Euskal Herrian gatazkaren konponketa sustatzeko" asmoz antolatuko dute ekimena, nazioarteko eta bertako hainbat erakundek bultzatuta. Hain zuzen ere, hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Berghof FoundationConciliation ResourcesThe Desmond and Leah Tutu Legacy FoundationHarremanetarako Nazioarteko Taldea (Euskal Herria) eta Lokarri.

"Nazioarteko buruzagiak" izango dira astelehenean

Gaurko aurkezpenean Paul Rios Lokarriko ordezkaria eta Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea ere izan dira. Riosek aipatu du "nazioarteko buruzagiak" izango direla astelehenean, eta Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal denak gonbidatu dituztela. Larunbatean jakinaraziko dituzte izenak, baita egitaraua ere.

"Normalizazioa, gardentasuna eta erabateko inklusio politikoa ezaugarri dituen egoera lortzeko beharrezko diren osagaiak partekatzea da Nazioarteko Konferentziaren helburua", esan du Riosek. "Egoera hori soilik baliabide demokratikoetan oinarrituko litzateke eta inongo indarkeriarik edo indarkeriaren mehatxuaren erabilerarik gabe".

Hazanek berretsi du bere taldearen xedea "Euskal Herrian normalizazio politikoari buruzko eztabaida erraztea" dela, eta espero du konferentzia "aurrerapauso adierazgarria" izango dela.

Agerraldian izan dira Sostengu Taldeko "lehendabiziko" kideak: Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia, Miguel Lazpiur Confebask-eko presidente ohia eta Vicente Zaragueta enpresarioa —Kotte Ezenarro Hendaiako kontseilari eta PSFko kideak ezin izan du egon gaur—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.