=bPako Letamendia 'Ortzi' (EHUko irakaslea): "Indarrak hartzeko momentua da"=b
"Agiria bat dator Gernikako Akordioaren sinatzaileek eskatzen zutenarekin. Oso balorazio positiboa egiten dut. Orain ETAk zer egiten duen edo Espainiako Gobernuak zer egiten duen zain egon beharrean, indarrak hartzeko momentua da. Euskal nazionalismo ezkertiarreko parte garen sektore zabal honetako kideok bide berri bati ekin behar diogu. Lehendik zabalduta dago, baina aurrerantzean zorrotzagoa izango da autodetermiazioa eskatzeko eta inposizio guztiei uko egiteko. Baldintzak oso positiboak dira".
=bJose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' (idazlea): "Orain Espainiari eta Frantziari dagokie beste pauso bat ematea"=b
"Oso albiste garrantzitsua iruditu zait. Aspalditik halako erabaki baten zain geunden. ETAk pauso handia eman du, seguru asko ez denen gustukoa. Autodeterminazioa eskatzea guztiz bidezkoa da. Nazioarteko zuzenbideak dio herri guztiek dutela autodeterminaziorako eskubidea, Euskal Herriak ere bai, beraz. Ekintza armatuak eteteko erabakiaren ostean, indar abertzale eta aurrerazaleak elkartzeko unea da. Horretarako, lehendabizi autodeterminazioa aitortu behar da. ETAk eman du pausoa, orain Espainiari eta Frantziari dagokie beste pauso bat ematea. Gauzak erraztu egin dira, eta orain indar politikoei dagokie planteamentu berriak egitea. ETA hor zegoen bitartean ezin zela ezer egin esaten zuten; orain ez dago. Orduan, nik uste, orain politikarien abilezia ikusi beharko dela".
Iñaki Egaña (historialaria): "Konponbideak ere luze jo dezake"
"Espero zena iruditu zait agiria. Ikusi beharko da zerbaitetarako balioko duen, momentuz baietz ematen du, bakerako bidean urrats garrantzitsua izan daitekeela. Etorkizunera begira, kausa guztietan gertatzen den bezala, bi parte daude, eta orain ea zer gertatzen den ikusi beharko da. Hala ere, bakearen bidea ez da hiruzpalau hilabetean amaitzen. Gatazkaren eremu historikoa ez da atzokoa, eta konponbideak ere luze jo dezake".
Aitor Arruti (Bartzelonako Euskal Etxeko kidea): "Ea orain pausoak bizkor-bizkor emateko gai garen"
"Denbora asko zeramaten esaten bazetorrela eta bazetorrela agiria. Iritsi dela jakin dudanean lehen sentsazioa pozarena izan da. Ea orain gatazkaren parte direnek erreakzionatzen duten eta pausoak bizkor-bizkor emateko gai garen".
Xabier Mendiguren Bereziartu (Kontseiluko idazkari nagusi ohia): "Zerbait zehatzagoa eta biribilagoa espero nuen"
"Gauza gehiago eta garbiago esatea nahi nuen. Nazioarteko kontrolaren aukera eman dute, eta hori bada ekarpena. Ez du esaten nahiko genukeena: hau behin betiko bukatzen dela. Orduan, zalantza hori hor geratzen da, zerbait zehatzagoa eta biribilagoa espero nuen. Bistan da bi parte daudela eta prozesuak askotan neketsuak, luzeak eta konplexuak izaten direla. Hala ere, bada pauso bat eta orain artekoa ikusita bere balioa ematen diot".
Iñaki Esnaola (abokatua): "Alderdi abertzaleek ea behingoz akordio on bat lortzen duten"
"Albiste ona da, eta beste pauso bat aurrera joateko. Etorkizunera begira, lehen eta orain arte espero nuen gauza bera espero dut: alderdi abertzaleek behingoz akordio on bat lor dezatela eta ea aurrera joaten garen".
Jose Mari Arrate (Athleticeko presidente ohia): "Beste indarkeria ere amaitu dadila"
"Halakoetan ni beti izaten naiz baikorra. Iruditzen zait serio doala kontua, eta jende asko ari da horren alde lanean. Agiri honen ondoren aldaketa handiagoak etorriko direla espero dut, indarkeria behin betiko amaituko dutela esatea. Horrez gain, desiratzen nago beste indarkeria amaitzeko ere, herri honen zati handi bat botoa emateko eskubiderik gabe baitago".
Martxel Toledo (ESAITeko koordinatzailea): "Konponbidea gizartearen esku utzi du"
"Jende gehienak bezala, pozez jaso dut nik ere agiria. Espero genuen, eta ETAk argi eta garbi berriro ere mahai gainean jarri du gizartearen esku uzten duela prozesu honen konponbidea. Uste genuen bezalako agiria da. Ez dakit zenbat aldiz esan duten, azken agirian ere bai, gatazka konpontzeko euskal gizarteko alderdi, sindikatu eta gainerako eragileek guztien artean eman behar dituztela pausoak. Etorkizunari itxaropen handiarekin begiratzen diot".
Maria Angeles Iztueta (Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia): "Oso ondo landutako agiria da"
"Izugarrizko poza sentitu dut. Gainera, iruditzen zait oso ondo landutako agiria dela. Prozesu demokratiko batean sartu gara, eta herri moduan sekulako lana dugu egiteko, baina bidea irekita daukagu, eta aurrera egingo dugu. Espainiako Gobernuak ere baditu betebehar batzuk, eta bere legeak betetzen hasi beharko du".
Ramon Agirre (aktorea): "Pauso bat da konponbiderako bidean"
"Aitzakiak bilatu nahi dituztenek bilatuko dituzte; nik esan dezakedan bakarra da asko poztu naizela. Pauso bat da konponbiderako bidean. Nik uste logikak esaten duela orain beste batzuek beste pauso batzuk eman behar lituzketela, baina ni ez naiz nor orain zeini dagokion mugitzea esateko. Ez naiz igarlea, eta aurrerantzean zer gertatuko den ere ez dakit, baina aurrera egindako pausoak beti dira onak".
Amaia Zubiria (kantaria): "Batzuek orain ez dute agiri hau onartuko"
"Esperoan bezala geunden, eta naturaltasunez hartu dut agiria. Era berean, zerbait entzuten dudanean, automatikoki pentsatzen dut zer pentsatuko duen arerioak. Iruditzen zait askok esango dutela hori ez dela behar zen agiria, zerbait definituagoa behar zela. Batzuek oztopoak jarriko dituzte, agindutako hori ez betetzeko. Hau da, aspertu arte esan dute demokrazian dena posible dela, hitzarekin dena lor daitekeela, baina orain ez dute agiri hau onartuko. Horrek pixka bat zapuztu egiten dit hartutako poza. Etorkizunean zer gertatuko den ez dut ideiarik".
ETA-REN AGIRIA: herritar ezagunen ikuspuntuak
"Poza" nagusitu da, "konponbiderako pausoa delako"
BERRIAk Pako Letamendia 'Ortzi', Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi', Iñaki Egaña, Aitor Arruti, Xabier Mendiguren Bereziartu, Iñaki Esnaola, Jose Mari Arrate, Martxel Toledo, Maria Angeles Iztueta, Ramon Agirre eta Amaia Zubiriaren iritziak bildu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu