Herenegungo hauteskundeen emaitzen ondotik, erran daiteke EH Bai koalizioak pozik egoteko arrazoiak dituela. Emaitza onak lortu ditu: herri batzuetan bikainak, eta bertze batzuetan historikoak, bereziki Nafarroa Beherean eta Hazparneko kantonamenduan Lapurdin. Baina bi alde ditu hauteskundeetakotxanponak. Lapurdiko itsas hegiko hiri nagusietan bildu dituen emaitzak ez dira pozgarriak. EH Baik ez ditu 700 boz bildu Baionako hiru kantonamenduetan, eta Miarritzen 171 boz bildu ditu. Abertzaleen xedeak lurralde mailako kohesioa lortu nahi badu, Atharratzetik Baionara gogoeta sakonak egin beharko dituzte argazki hori gainditzeko.
Frantzian bezala, Lapurdi kostaldeko hiri nagusietan ere abstentzioa oso handia izan da. Ehunekoetan irakurtzen diren kopuruak zenbakien ahultasuna gordetzeko erabiltzen dira, alderdi guztien kasuan. Garaipen irrintzia jotzeko alderdi bakar bat ez dago oraingoan. Lapurdi barnealdean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan parte hartzea duina izan da, eta han EH Baik emaitza onak lortu ditu. Herritarrek entzun dute mezua. Kostaldean ez da horrela gertatu. Menturaz, abertzaleen arteko koalizioak ez duelako aski iraupenik. Hauteskunde zikloak epe laburrera prestatzen direlako, eta etorkizunaren bermea eman gabe. Eta, gisa berean, hauteskunde oroz aldatzen direlako hautagaiak. Hautesleek hautagaiaren izena ikasteko denbora ere ez dute hainbat kasutan.
Baina EH Bai ez zen zerrenda abertzale bakarra. Eskualdeetako hauteskundeetan lortu emaitza onak lagun, EAJk tokia egin nahi du kantonamenduetako bozetan. Emaitzak garratzak izan dira. Hurbileko hauteskundeak izan dira, eta emaitzek argi erakutsi dute EH Bai dela abertzaleek hobesten duten erreferentzia. Iholdiko kantonamendua da adibide argia. Beñat Oteiza EAJko hautagaiak eta alderdiaren kanpaina arduradunak 32 boz bildu ditu: bozen %1,16. EH Baik 885: bozen %32. Eta kostaldean emaitzak ez dira hobeak izan. Baiona ekialdean Jean Telletxea izan da EAJren hautagaia, eta bertan 42 boz baino ez ditu bildu: bozen %1,52 baino ez. Eskualdeetako hauteskundeetan alderdiak lortu zituen 700 bozetatik urruti gelditu da EAJ oraingoan. Egia da, hala ere, herritar guztiek bozkatu zutela orduan eta ez bi kantonamendutik batekoek.
Kantonamendu bakarrean ez da aurkeztu EH Bai, Ipar Angelun, alegia. Angelu Zain tokiko taldeak aurkeztea deliberatu zuen, azken agintaldietan eginduen bezala. 160 boz lortu ditu: %2,84. Emaitza ulertzeko, arrazoi anitz egon daitezke: abstentzioa handia izan dela, EH Baiko hautesle guztiek ez diotela babesa eman edota herritar anitzek ordainarazi diotela eskuin frantsesarekin gobernatzea duela gutxi.
Orainari begira, abertzaleek bi kantonamendutan lehiatzeko aukera dute: Iholdin eta Garazin.Eta bigarren itzuli horretako urak baretuko direlarik eta tokiko errealitateak inposatu, ikusiko da herri batzuetako emaitzak garrantzitsuak izan direla. Horrela, abertzaleak lehen indarra izan direla Makean, Izturitzen eta Aiherran. Herriko etxeak eskuratzeko hautua garbia da, alderdi abertzaleak haien arteko liskarrak gainditu eta koalizioan aurkeztu direlarik.
Kantonamenduetako bozak. Emaitzak
Pozik bai, baina ez hainbeste
EH Baik emaitza onak lortu ditu Iholdin, Garazin eta Hazparnen, baina abstentzioaren zirimola pairatu du Lapurdiko kostaldean. EAJko hautagaiek emaitza txarrak lortu dituzte, Angelu Zain-ek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu