Pozoia, gosaltzeko

Dioxinaz kutsatutako elikagaiek zalaparta sortu dute Alemanian. Substantzia kaltegarri eta iraunkorrak dira dioxinak, eta, adituen arabera, minbizi eragile zuzenak. Errauste plantetan, porlanaren eta paperaren industrian dute haietako askok sorburua.

Samara Velte.
Donostia
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Txikiak dira, baina gaiztoak. Zaila da dioxinak antzematea, baina daudenean kalte handia egiteko gai dira. Kutsatzaile organiko iraunkorren zerrendan dauden hamabi substantzien artean, inolako helbururik gabe sortzen diren bakarrak dira, eta adituek abisua emana dute minbizi eragile zuzenak direla.

Alemanian hori badakite, eta horregatik sortu da zalaparta urte hasieraz geroztik: ohiko kontrol batek argitara eman du arrautzek eta oilo haragiak onartutakoa baino kutsadura maila altuagoa dutela. Pentsu ekoizle batek industriatik eratorritako koipea erabili izana da arrazoia; geroago, txerrietan ere topatu dituzte ofizialki onartu baino %50 dioxina gehiago. Aste gutxiren buruan ia 4.000 haztegi itxi dituzte, baina dagoeneko 3.000 tona pentsuk ihes egin diete inguruko lurraldeetara.

Dioxina izenez ezagutzen dena, berez, guztira 210 molekula hartzen dituen substantzia familia bat da; dioxinak aipatzean, talde horretako dioxinez eta furanoez ari gara. Konposatu horietatik hamazazpi dira toxikoak, neurri desberdinetan.

Dioxinak tenperatura handiko errekuntza prozesuetan sortzen dira. Normalean, 700 gradutik gora behar izaten dira, baina badira prozesua errazten duten metal jakin batzuk; burdina edo kobrea erretzean, esaterako, nahikoa da 400 graduko tenperatura dioxinak sortzeko. Ohikoa izaten da material horiek hondakinetan egotea; hori dela eta, hondakinak erraustean dioxina asko eratzen dira.

850 gradutik gorako tenperaturan, desegin egiten dira dioxinak; horregatik, hainbat errauste plantak tenperatura oso altuetan erretzen dituzte hondakinak. Horren arazoa da errekuntza prozesuak sortutako gasak hoztean berriro sortzen direla dioxinak.

Porlanaren, paperaren eta pestiziden industrian ez ezik, naturan ere sortzen dira dioxinak; sumendietako erupzioen eta sute handien ondoren, inguruko airean eta lurrean dioxina kontzentrazio altua sumatu izan da.

Ez dira, ordea, arnasketa bidez heltzen gizakiengana. OME Osasunerako Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, dioxinen %90 elikaduraren bidez heltzen da giza gorputzera, bereziki esneki, haragi, arrain eta itsaskien bidez.

Dioxinek koipea dute gogoko; horregatik, lurrean eta animalien gorputzean kontzentrazio altuagotan egoten dira, uretan eta airean baino. Bizitza luzeko molekulak dira —zazpi eta 11 urte bitartean iraun dezakete gorputz baten barruan—, eta ez dira bestelako substantziekin nahasten; ondorioz, gorputzetan pilatzen dira.

Bidasoa Ospitaleko mediku Julia Sanjosek dioen bezala, guztiak kate luzea osatzen du: «Dioxinak tximinitik lurrera doaz; lurrean eta airean badaude, uretan eta elikagaietan bukatuko dute, eta, azkenean, gizakiok ere xurgatuko ditugu».

Minbizi eragile zuzena

Dioxinen inguruan sortu den kalapita ez litzateke hain handia izango osasunarentzat horren kaltegarriak ez balira. Sanjoseren arabera, luze gabe gehiegizko dioxina kontsumoak kalte egiten die sistema immunologikoari, nerbio sistemari, sexu garapenari eta beste zenbait organori. Gainera, umoreari ere eragiten dio, eta antsietatea sor dezake.

Luzera «minbizi eragile zuzena» dela adierazi du Sanjosek: «Dioxinek bakarrik minbizia sor dezakete, ez dute beste faktore laguntzailerik behar». Hain zuzen ere, 1997an Minbiziaren Nazioarteko Agentziak lehen mailako minbizi eragile gisa sailkatu zituen.

Irlandak, Belgikak eta Herbehereek oraingoaren antzeko arazoak izan badituzte ere, dioxinazko kutsadura kasurik larriena 1976an gertatu zen, Italiako Sevenso herrian: produktu kimikoekin lan egiten zuen lantegi batek su hartu eta dioxina asko askatu zituen. 37.000 pertsonari eragin zion, eta adituak oraindik ikertzen ari dira sutearen ondorioak. Dena den, ordutik minbizi kasuak ugaritu egin direla adierazi du OMEk.

Minbizian aditu Dominique Belpomme medikuaren arabera, dioxinek zuzenean giza zelulen nukleora sartzeko gaitasuna dute, eta bertatik DNAn eragiten dute, zelulak zatituz.

Arrisku gehien dutenak umekiak dira. Belpommek adierazi duenez, aro horretan bereziki sentiberak dira kutsadurarekiko: «Orain badakigu bularreko eta prostatako minbiziak lehen urratsa amaren sabelean egin dezakeela, agertu baino hamarnaka urte lehenago».

Gutxieneko neurriak, aski ez

Errealitatean, ordea, dioxinak ia leku guztietan daude, eta medikuek ere ez dute errezetarik horiek saihesteko. «Oraintxe ez nuke jakingo zer gomendatu», esan du Sanjosek. «Ahora eramaten dugun guztia ezin da aztertu, eta administrazioak egiten dituen kontrolak ahal duten modukoak dira».

«Ahal den modukoa» ez da nahikoa, itxuraz. Dioxinak neurtzeko ikerketak oso garestiak dira, teknologia aurreratuak eta zehaztasun handiko metodoak eskatzen dituztelako. Horregatik, ez da kasualitatea kutsadura kasu gehienak teknologikoki garatutako herrialdeetan topatu izana, kontrol gehiago egiten dituzten lekuetan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat proiektu daude abian pentsu ekoizle eta erabiltzaileen arteko informazio trukea sustatzeko, baita pentsuarekin lan egin behar dutenak haren erabilera egokiaz informatzeko ere. Jaurlaritzak tarteka egiten dituen ikerketez gain, pentsuaren kalitatea kontrolatzea lantegi bakoitzaren esku dago.

Juan Mari Ibarrondo Euskadiko Pentsu Ekoizleen Elkarteko kideak adierazi du, ordea, zaila izaten dela guztia kontrolatzea: «Kopuru handitan gauza asko bilatu behar izaten dira». Gehienetan, lehengaiak kanpotik ekartzen dituzte: «Guk Jaurlaritzari esan izan diogu hornitzaileak ere kontrolatu behar direla, ez uzteko dena gure gain».

2001ean onartu zuen Europako Batasunak Stockholmeko Hitzarmena, hamabi gai kutsakor desagerrarazteko asmoz. Agiri horren arabera, EBko kide diren estatu guztiek konpromisoa dute dioxinarik ez sortzeko.

Kontsumitzailearentzat ere bada neurririk: OMEren arabera, hilean kontsumi daitekeen gehieneko dioxina kopurua 70 pikogramokoa da; 0,00000000007 gramo, hain zuzen. Hori da bizitza osoan hilabetero har daitekeen dioxina kopurua «ageriko ondoriorik» izan gabe.

Medikuak, ordea, ez dira fio. Sanjoseren ustez, gehieneko mugak ez du esan nahi mugaren azpitik arriskurik ez dagoenik: «Substantzia hauen arazoa da ez dela kopuru handirik behar ondorioak izateko; metatzeko gaitasun izugarria dute, eta dosi txikiak pilatuz ere kalte handiak eragin ditzakete».

Belpommerentzat, arazoa neurketak egiteko moduan dago: «Gutxieneko edo gehieneko muga zehazten duten arauek ezin gaituzte babestu, epe laburreko toxikotasun kasuetatik abiatuta ezartzen dituztelako. Baina kasu honetan, epe luzeko toxikotasunaz ari gara».

Belpommek urte asko daramatza minbiziaren eta ingurumenaren arteko harremana ikertzen, eta horrek errauste planten aurkari sutsu bihurtu du: «Legeak onartutako kopuruak bete arren, errauste plantek dioxinak eta bestelako gai kutsagarriak askatzen dituzte, eta kopuru txikienetan ere kaltegarriak dira».

Sanjose ere ados dago: «Esaten dute iragazki asko jarriko dituztela, baina dioxinak sortu, sortuko dira, eta iragazki horietatik beste nonbaitera eraman beharko dituzte. Eta behin sortutakoan, luzerako egoten dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.