Anjeles Iztuetak ontzat jo zuen oposizioak atzoko agerraldian izandako tonua, eta, oro har, pozik agertu zen talde politikoak «sakoneko gaietan» ados agertu zirelako. Dena den, PPk eta PSE-EEk ez zuten begi onez ikusi A ereduan iragarritako aldaketa (Sozialista Abertzaleak ez ziren aritu atzoko batzordean).
Popularrek eta sozialistek bat egin zuten Iztuetari aurpegiratzerakoan «lege-oinarririk» ez dagoela A ereduan ikasgai bat euskaraz emateko. «Ekimenak euskaraz egiteko ahalbidetzen du, baina inolaz ere ez ikasgai bat», ohartarazi zuen PSE-EEko Isabel Celaak.Iztuetak, berriz, behin baino gehiagotan aipatu zuen indarrean dagoen «arautegiaren barruan» ari dela neurriak proposatzen dituenean. Legebiltzarkideen aurrean irakurri zuen hitzez hitz Euskal Eskola Publikoaren legearen 10. xedapen gehigarriak dioena: «A ereduan ikasgaiak batik bat gazteleraz emango dira, zenbait ekintza edo gai euskaraz eman ahal izango direlarik». Horrek, sailburuaren irudiko, «ateak irekita» utzi zituen orain iragarritakoak proposatzeko.
Denak berrikusteko prest
Eztabaida bitxia izan zen, hitza hartu zuten guztiek adierazi baitzuten ereduen sistema berriz ikusteko gertu daudela edo euskarak A ereduan duen presentzia indartzeko, baina, halere, soilik hirukoak babestu zuen Iztuetaren proposamena.
Celaak, adibidez, A ereduari buruzko neurria arbuiatu zuen «alde bakarrekoa eta heldu gabea» delako; alabaina, proposamena oinarritzen duten azterlanak aurkeztuz gero, PSE-EE A ereduan euskaraz «are ikasgai gehiago» sartzeko prest egon litekeela gaineratu zuen. «Itunaren bidera itzul zaitez», galdegin zion Hezkuntza sailburuari, «baldintzak egon bai baitaude horretarako».Eledun sozialistak proposatu zion gaiari buruzko batzorde berezia sortu eta bertan adostasuna bilatzeko, «bestela bide hau A eredua txikitzeko beste saio bat baino ez dela pentsatu beharko baitugu». Celaaren hitzetan, «ez da sinesgarria Sailak A eredua indartu nahia, beti deuseztatzeko asmoz jardun duela gogoan badugu».PPko Iñaki Oiarzabal ere sistema berriz ikusteko gertu azaldu zen, «baina era integral batera baldin bada». PSE-EE eta PPko eledunek galdegin zuten, neurriak aurkeztu nahi izanez gero, D ereduko ikasleen gaztelaniaren ezagutza ere aztertzea.
HEZKUNTZA
PP eta PSEk diote lege-oinarririk ez dagoela A eredua aldatzeko
Hezkuntza sailburuak uste du proposamena arautegiaren barruan dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu