Nerea Llanos PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak adierazi du alderdi horrek Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duela ponentzia proposamena, aurretik gainerako indar politikoekin batzartu gabe.
Artikulu batean, EH Bildu osatzen duten alderdietako buruek nabarmendu zuten "indarkeria beti bide okerrena" dela, "edozein egoeratan; lehen, orain eta etorkizunean". Hitz horiek "aintzat hartzekoak" direla uste du Arantza Quiroga PPko EAEko presidenteak.
Quirogaren hitzak ñabartu ditu Llanosek. Arraizen adierazpenak "norabide onean" eginikoak direla uste du, baina beharrezkotzat jo du "ekintzetan islatzea"; horretarako, iraganean ETAk izandako jarduna gaitzesteko eskatu dio: "Historia ez da orain hasi, atzean egon denaren gaitzespena behar da".
Llanosek argudiatu du beharrezkoa dela beste lantalde bat, egun Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitza lantaldea "geldirik" dagoelako.