ESPAINIAKO GOBERNUA

PP, PSOE eta Ciudadanosen akordioa iruzur politikoa litzateke EH Bilduren ustez

Espainiaren batasuna bermatzeko akordio politikoa litzateke, Maria Beitialarrangoitiak eta Pello Urizarrek ohartarazi dutenez

Marian Beitialarrangoitia eta Pello Urizar gaurko agerraldian. EH BILDU
Maialen Unanue
2016ko otsailaren 5a
15:33
Entzun

Goizean egindako agerraldia PSOEk EH Bilduri jarritako betoa kritikatuz hasi du Beitialarrangoitiak, eta zalantzan jarri du Pedro Sanchezen "aldaketa demokratikorako borondatea". EH Bilduk ezberdinen arteko elkarrizketa defendatzen duela gogoratu du, eta alderdi sozialistaren "kontraesanak" azpimarratuz: "PSOErekin askotan elkartu eta hitz egin dugu, baita gai ezberdinen inguruan akordioak itxi ere, adibidez, aurrekontuak edo Legebiltzarrean aurrera atera genuen Etxebizitza legea".

Egoera horren aurrean, "arduraz jokatzeko prestutasuna" mahai gainean jarri du berriro Beitialarrangoitiak, "benetako aldaketa gauzatzeari begira euskaldunok gutxieneko agenda bat konpartitzeko" beharra gogoratuz. Euskal Herrian "gehiengo batek defendatzen eta behar duena" lortzeko interlokuzio "bakar eta indartsu bat" behar da eskaini du. Hiru gai oinarrizko azpimarratu ditu: "Gure herriaren aitortza eta erabakien errespetua, gatazkarem konponbidean urratsak eman elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko, eta urte hauetan erasotu diren eskubide sozialak eta laboralak berrezartzea".

Urizarrek Espainiako gobernua osatzeko prozesuaren inguruko irakurketa egin du. "Panorama nahasia" eta "kezkagarria" ikusten dute EH Bildutik, eta esan "krisi sakonean eta gabezia demokratiko larriak dituen estatu baten erradiografia argia" dela gertatzen ari dena.

PPren zilegitasun eta ahalmen politiko falta aipatzeaz gain, Sanchezen jarrera kritikatu du. "Modu batean edo bestean mahai gainean egon daitekeena da PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien inplikazioarekin [Espainiako] estatuaren batasuna ziurtatzeko akordio politikoa bermatzea, nahiz eta momentuz horrek azkenean izango duen formulazioa argi ez egon. Horrela balitz, iruzur politiko batean aurrean egongo ginateke".

Urizarrek azpimarratu du EH Bildutik ez dutela sumatzen "parametro demokratikoetan oinarritutako aldaketa politiko eta soziala abian jartzeko asmorik". Beitialarrangoitiak esandakoen ildotik, Urizarrek ere azpimarratu du EH Bilduk "aktibo" bat izan nahi duela Espainia "benetako aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko, Euskal Herrian adaketa politiko eta soziala emateko baldintzak sortuz, agenda propioaz, eta beste nazioekin eta estatuko ezker eraldatzailearekin sinergiak bilatuz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.