ATENTATUA. ETA. LEHERKETAK KANTAURIKO KOSTALDEAN

PP-PSOE Ituna indartu behar dela esan du alderdi sozialistak

Alderdi politikoek gogor arbuiatu dituzte ETAk egindako atentatuak

Erredakzioa
GASTEIZ
2004ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
ETAk San Vicente de la Barqueran (Kantabria) eta Ribadesellan (Asturias) egindako atentatuek alderdi eta erakunde politiko gehienen gaitzespena jaso zuten atzo. Hona hemen horietako batzuk:



PSOE

«Terrorismoaren Aurkako Ituna indartu beharra dago»





ETAren atentatuak gaitzetsi zituen atzo PSOEren Zuzendaritza Federalak agiri baten bidez, eta talde armatuari amaiera emateko PP-PSOE Ituna «indartu» egin behar dela iritzi zion. PSOEren arabera, Itun hori sendotu egin behar da, «ETAk jakin dezan ez duela sekula helburu politikorik erdietsiko biolentzia eta krimenen bitartez». Ildo horretan, PSOEren zuzendaritzak dei egin die eragile politiko eta sozialei «terrorismoaren aurka batera eta elkarrekin» borrokatzen jarrai dezaten.



ANA PASTOR (PP)

«Terrorismoaren kontra elkarlanean jarraituko dugu Espainiako Gobernuarekin»





Ana Pastor PPren zuzendaritzako kideak alderdiaren babes eta laguntza osoa eskaini zion Espainiako Gobernuari «terrorismoaren kontrako borrokan». Hala, aurrerantzean ere «elkarlanean» jarraituko dutela berretsi zuen. Halaber, pozik agertu zen atzoko atentatuek zauriturik eragin ez zutelako, eta bide batez, indar armatuei zorionak eman zizkien «terrorismoaren kontrako borrokan» egiten ari diren lana dela-eta.



JAVIER BALZA

«Guk geniona baieztatu da, hots, ez zegoela su-eten egoerarik»





Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Javier Balzak atzo adierazi zuen Kantabria eta Asturiaseko atentatuek erakusten dutela bere sailak zioena baieztatzen dela, alegia, «ez zegoela su-eten egoera bat, nahiz eta hainbat ahots entzun diren meniari buruz hizketan». Egileen nortasunari buruz hitz egiteko «goiz» dela esan zuen, baina azpiegitura handirik ez dutela behar izan nabarmendu zuen. Horretaz gain, Balzak iritzi zion hausnarketa politikoa ezker abertzaleari eskatu behar zaiola «politikoki bizirik iraun nahi badute indarkeriaren lorratz horretatik aldendu beharko baitute».



ALBERTO CATALAN (UPN)

«Nik ez dut inoiz sinetsi ETA desagertuta zenik»





Nafarroako Gobernuko bozeramaile Alberto Catalanek argi utzi zuen berak ez zuela inoiz sinetsi ETA desagertuta zenik, eta «lehenago atentaturik ez egotearen arrazoi bakarra Estatuko legeek eta segurtasun indarrek eginiko lan bikaina» izan dela adierazi zuen. «Terrorismoaren mehatxua une oro present» dagoela gogoratu zuen Catalanek.



BEGOÑA ERRAZTI (EA)

«ETAk muzin egiten dio euskal gizartearen borondateari»





Irmo gaitzetsi ditu atentatuak EAk, Begoña Errazti presidentearen ahotan. Erraztiren esanetan, ETAk «muzin egiten dio» euskal gizartearen gehiengoaren borondateari, zeinek indarkeria behin betiko utz dezan eskatzen dion. Erraztiren irudiko, indarkeriaren erabilera erabat «onartezina» da, eta herrien garapena bermatzeko modu bakarra giza eskubide guztiak eta «balio demokratikoak» errespetatzea da. Hala, behin-betiko su-etena aldarrikatzeko eskatu dio talde armatuari.



PATXI LOPEZ (PSE-EE)

«Euskal herritarron eta espainiarron zorritxarrik handiena da ETA»





PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezen arabera, euskal herritarren eta espainiarren «zorritxarrik handiena» ETA da. «Terroristen aurrean erne egon behar dugu, eta Zuzenbide Estatuaren tresna guztiak erabili behar ditugu ETA garaiatu arte borrokatzeko».



ARALAR

«ETAren atentatuak kaltegarriak dira Euskal Herriarentzat»





San Vicente de la Barquera eta Ribadesellako atentatuak gaitzetsi zituen atzo Aralarrek, prentsa ohar baten bidez. «Etikoki onargarriak ez izateaz gainera, politikoki ere kaltegarriak baino ez dira», salatu zuen. Aralarren irudiko, «atentatuok ez diote inolako mesederik egitenabertzaleok ditugun helburuei. ETAren atentatuak kaltegarriak dira oso Euskal Herriarentzat eta ezker abertzalearentzat». Ildo horretatik, Aralarrek iritzi dio konponbideak «borroka politikotik eta sakontze demokratikotik» etorri behar duela.



MIKEL ARANA (EB)

«ETAren udako kanpaina makabro bat da»





Ezker Batuako presidentziako bozeramaile Mikel Aranak gogor gaitzetsi zituen ETAren atentatuak eta ekintza horiek «ETAren udako kanpaina makabro» baten barruan kokatu zituen. Aranaren irudiko, ETAk euskal gizartean eta Espainiako gizartean presente egon nahi du «ikararen» bitartez, eta Kantabrian eta Asturiasen gertatutakoak agerian uzten du, bere aburuz, ETA «talde terrorista soil bat» dela. Edonola ere, iritzi zion ETAren su-etenaren gaineko zurrumurruak «faltsuak» zirela.



IÑIGO URKULLU (EAJ)

«Euskal gizartea baldintzatu nahi du»





EAJko BBBko presidente Iñigo Urkulluk «erabateko gaitzespena» adierazi zien atzo ETAk burututako atentatuei, eta iritzi zion halako ekintzekin «euskal gizartearen bizitza baldintzatu» nahi dela. Gaineratu zuenez, atentatuok ez diete mesederik egiten hiritarren bake nahiei. Ildo horretatik, talde armatuari egotzi zion euskal gizartearen borondatea, «bakean bizi nahi izatea», arbuiatzea.



ARNALDO OTEGI (Batasuna)

«Poza agertu behar da ez delako ez hildakorik ez zauriturik izan»





«Gaur gertatutakoaren inguruan Batasunak ez du azterketa politikorik egin nahi», adierazi zien kazetariei Arnaldo Otegik Kantabria eta Asturiaseko atentatuei buruz galdetuta. «Gaur bakarrik gauza bat daukagu helarazteko», jarraitu zuen, eta ondokoa gaineratu: «Batasunak eta ezker abertzaleak bere poztasuna agertu nahi du ekintza armatu horren ondorioz ez dagoelako ez zauriturik ez hildakorik izan».



BAK

«ETAren ahultasun bakarra elkarrizketarako gaitasun gabezia da»





Bakearen Aldeko Koordinakundeak gogor gaitzetsi zuen atzo gertaturiko bi atentatuak, eta horien ondorioz kaltetatuak izan diren pertsonei elkartasuna helarazi zien. «Azkenaldian ETA ahul dagoela diote askok, baina terrorismoaren ondorioak desagertzen direnean soilik hitz egin ahalko da haren ahultasunaz», ohartarazi zuen. «ETAren benetako ahultasuna biolentzia da, eta elkarrizketarako duen gaitasun gabezia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.