Jose Maria Aznar (PP) Espainiako Gobernuko presidente ohiak adierazi du CiU eta ERCren akordioari aurre egiteko "formularik desiragarriena" PP, PSOE, UPD eta Espainiako erregearen arteko adierazpen bat egitea litzatekeela. Alderdi "nazional" gisa jo ditu Aznarrek PP, PSOE eta UPD. Erregea haiei batuta, "nazio osoaren konpromisoa" garbi geratuko litzateke.
Haren arabera, Espainiako Gobernuari dagokio "politika nazionalaren artikulazioa zehaztea eta martxan jartzea". Edozertarako legea bete egin behar dela iritzi dio.
ERC "Espainiako nazioaren aurkakoa" dela esan du Aznarrek, eta CiUk hari "Kataluniako giltza" eman diola. Ondorioz, uste du CiU modu nabarmen batean Espainiatik bereiztearen alde dagoela.