aurrekontuak

PPk aurten bere kasara aurkeztu ditu EAEko aurrekontuen emendakinak, ez PSErekin

Aurreko bi urteetan elkarrekin aurkeztu zituzten. "Hauek ez dira PPren aurrekontuak, ez zaizkigu gustatzen", esan du Iñaki Oiarzabalek. "PSEk gero eta zailago jartzen digu Jaurlaritza hau babestea". Pasa den astean PP EAJrekin elkartu zen Bizkaiko aurrekontuetan.

2011ko azaroaren 28a
14:05
Entzun

PPk Eusko Legebiltzarrareko 2012ko aurrekontuei emendakinak aurkeztu dizkie aurten ere, baina oraingoan aurreko urteetan bezala ez PSE-EErekin, bakarrik baizik. Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia 2009ko maiatzean Jaurlaritzako lehendakaritzara PPren babesari esker iritsi zen.

Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak aurkeztu ditu emendakinak, gaur; 118, hain zuzen. "Hauek ez dira PPren aurrekontuak, ez zaizkigu gustatzen", esan du Oiarzabalek. Haren arabera, Eusko Jaurlaritzak ez ditu murrizketa egokiak egin. "Ez du helburu argirik izan. Gauza garrantzitsuei ez die lehentasuna eman. PSEk gero eta zailago jartzen digu Jaurlaritza hau babestea".

Dena dela, azaldu du PPk aurrekontuak aurrera ateratzeko lan egingo duela. "Bestela, ezegonkortasun politikoa euskal ekonomiarentzat suizidioa litzateke".

Lehengo astean PP EAJrekin batu zen Bizkaian, bien arteko akordioa eginez Bizkaiko Aldundiko aurrekontuetan, lehen aldiz. Oiarzabalek ukatu egin du EAJrekin gerturatzea bilatzen ari direla.

Emendakin batzuk

Emendakinen artean, Jaurlaritzak Gasteizi EAEko hiriburu izateagatik urtero bost milioi euro emateko proposamena egin du PPk. "Behar ez diren gastuak" jaisteko ere galdegin du; kasu, "kanpoko enbaxadetan". Motibazio politikoek edo polizien gehiegikeriek hildako lagunen senideei milioi bat euro ez emateko eskatu du, halaber.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.