Patxi Lopez Kongresuko presidenteak eman du PPren eta Ciudadanosen erabakiaren berri. Esan du bi alderdi horien ustetan iruzurra egiten ari direla, EH Bilduk eta Unidad Popularrek iragarri dutelako bat egingo luketeela hauteskundeetako gastuen dirua jasotzeko eta gero talde mistora pasatuko liratekela.
PSOErekin lorturiko akordioari esker, PPk hiru ordezkari ditu Parlamentuko Mahaian, eta Ciudadanosek, bi. Gehiengoa dute, beraz, eta eskaria atzera bota dute. Podemosen taldetik bereizi diren Compromiseko lau diputatuei ere ez diete utzi euren taldea osatzen.
ERCk, EH Bilduk eta Unidad Popularrek hiru eguneko epea zuten helegite bat aurkezteko, baina Joan Tarda ERCko diputatuak jakinarazi du talde propioa osatzeko eskaria egingo duela, eta EH Bilduri eta Unidad Popularri dagoeneko jakinarazi dietela erabaki hori.
Patxi Lopezek esan du harritu egin duela PPren eta Ciudadanosen erabakiak, ERCren eskariak Kongresuko zerbitzu juridikoen onespena baitzuen. EH Bilduri eta Unidad Popularri, ordea, iruzur bat egiteko asmoa ikusten dietela argudiatu dute PPk eta Ciudadanosek, eta erantsi dute bi alderdi horiek gabe prest leudekeela ERCri bere taldea osatzen uzteko.
Antonio Hernando PSOEren bozeramaileak salatu du PPk eta Ciudadanosek bizkarra eman dietela zerbitzu juridikoen txostenei. PSOEk eta Podemosek talde hori osatzearen alde bozkatu dute.
Podemosek eta haren inguruko hautagaitzek ere argitu dute nola antolatu. Parlamentuan talde bakarra egingo dute guztiek, baina "talde konfederatu bat" osatuko dute. Hartara, Podemos (42 diputatu), En Marea (11 diputatu) eta En Comu Podem (12 diputatu) taldeak batera arituko dira Parlamentuan, baina botoa emateko autonomia izango du talde bakoitzak, eta bakoitzak bere eleduna izango du. Compromisek, berriz, talde propioa osatzeko saiakera egin du, baina Parlamentuko Mahaiak atzera bota du eskari hori.
EAJren eskaerak aurrera egin du
Patxi Lopezek, bestalde, baieztatu du azkenean EAJk Euskal Taldea izena hartuko duela Kongresuan. Hala eskatu zuten jeltzaleek, baina Ciudadanos horren kontra agertu zen. Gaurko bozketan, ordea, alderdi horrek bakarrik bozkatu du eskaeraren aurka, PPk ere aldeko botoa eman duelako.
Democracia i Llibertat (DiL) alderdiaren ordezkariek, berriz, Kataluniar Taldea izena hartuko dute. Izen horien alde bozkatu dutenek argudiatu dute EAJ Euskal Taldea eta DiL Kataluniar Taldea direla izen ofizialak, eta modu horretan ez dituztela bi horiek bereganatzen euskal eta kataluniar izenak. Francesc Homs DiLeko diputatuak adierazi du bere taldeak ez duela PPko hautagai bat presidente izendatzearen alde bozkatuko, baina hauteskundeak berriz egitea ez litzatekeela komenigarria izango erantsi du.