POLITIKA

PPk eta UPNk Nafarroako Parlamentura eramanen dute Altsasuko istiluei buruzko eztabaida

Uxue Barkosen eta Ana Olloren agerraldia eskatu dute talde eskuindarrek, azalpenak eman ditzaten. "EH Bilduk erasoa esplizituki gaitzetsi ez izanak" lauko gobernu akordioa "kolokan jarri beharko lukeela" uste du Ana Beltranek

Ana Beltran (PP) eta Javier Esparza (UPN), aurreko agerraldi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko urriaren 24a
13:40
Entzun

Nafarroako Legebiltzarreko Mahai eta eledunen Biltzarrak lan saioa izan du gaur goizean, eta nafar eskuinak aukera baliatu du gaitzespenen jokoa luzatu eta gobernua higatzen saiatzeko.

Izan ere, UPNk eta PPk eskaera bana aurkeztu dute, Nafarroako Gobernuak azalpenak eman ditzan "erradikal abertzaleek Guardia Zibilaren bi kideri egindako erasoaldiari buruz". Eskaerak onartu ditu parlamentuko mahaiak, nahiz eta oraingoz ez duten agerraldirako datarik zehaztu.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Olloren agerraldia eskatu du UPNk. PP, berriz, harago joan da, eta Uxue Barkos lehendakariari eskatu dio legebiltzarrera joan dadila azalpenak ematera.

Ana Beltran legebiltzarkideak aurkeztu du mozioa, eta bide batez, EH Bilduren jarrera txarretsi du, "Altsasuko erasoa esplizituki ez gaitzesteagatik". Horri buruz ere galdetuko dio PPren talde parlamentarioak Barkosi, "lauko gobernuaren akordioan ondorioak izan beharko lituzkeela" iritzita. "Barkosek ezin ditu gobernukide gisa mantendu halako eraso bortitzak gaitzesten ez dituzten pertsonak", esan du.

PSNko Maria Txibitek ere bat egin du PPren eta UPNren jarrerarekin: "Lehendakariak txarretsi egin beharko luke bere gobernukideen jarrera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.