Hego Euskal Herrian eutanasia legeztatzeko 24 ordu eskas falta direnean, PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko diola jakinarazi du SER irrati kateak, «konstituzioaren aurkakoa» izateagatik. Dena den, argitu dute ez dutela lege osoaren aurkako helegitea jarriko, zenbait artikuluren aurkakoa bakarrik: kontzientzia eragozleen erregistroa eratzearen aurka, esaterako.
Aurtengo martxoan onartu zuen Espainiako Kongresuak eutanasia despenalizatuko duen legea, eta hiru hilabeteren buruan sartuko da indarrean, bihar bertan. Legeztatu orduko bide luzea izan duen eztabaida izan da eutanasiarena, 2019an milioi bat sinaduratik gora eraman baitzituzten Kongresura eutanasia eskatuta zuten zenbait lagunen senideek. Legeztatu ostean ere izan du eztabaidarik, ordea. PPrena legeak izango duen bigarren helegitea da, Vox alderdiak aurreko astean jarri baitzion. Auzitegi Konstituzionalari helegitea aztertu arte Eutanasia Legea bertan behera uztea eskatu zion alderdiak, behin-behinean.
Prozesurako prestatzen
Helegiteak helegite, legea indarrean sartzen denerako prozedurak prestatzen ari dira agintariak. Hain zuzen ere, horren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez. Horretarako, Berme eta Ebaluazio Batzordea eratu behar izan dute, baita kontzientzia eragozleen erregistroa ere, eta «osasun arloko profesionalek beren eskubideak eta betebeharrak ezagutzeko beharrezkoak diren informazioa eta sentsibilizazioa» zabaldu dituztela azaldu dute. Bestalde, osasun langileei formakuntza eskaintzen ari direla ere gehitu dute, «ikuspuntu tekniko, etiko eta juridikotik». Jaurlaritzako webgunean jarri dute prozesuari buruzko informazioa.