politika

PPk ez du Gobernua eta ETA negoziatzen ari diren daturik

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak ez du berretsi atzo Jaime Mayor Oreja europarlamentariak esandakoa. Honek gaur gauza bera esan du, "ekintzak eta jarrerak baitaude, eta ezker abertzalearen agiriek egiaztatzen dute gatazkaren konponbide prozesuko bigarren zatia geratzen ari dela".

2010eko martxoaren 24a
19:10
Entzun
Jaime Mayor Oreja PPko europarlamentariak atzo zioen -eta gaur berretsi egin du- Espainiako Gobernua eta ETA negoziatzen ari direla, baina Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak gaur adierazi du bere alderdiak ez duela horren daturik. "Urruti joan da Mayor Oreja hori esatean".

Gobernuak "gaurko politika antiterrorista" segitzen badu, PPren laguntza izango duela esan du De Cospedalek Cope irratian. "ETA desagertzea da helburua, eta haren ezein marka hurrengo hauteskundeetan ez egoteko zaintzan jarraituko dugu".

Mayor Oreja Espainiako Barne ministro ohiaren arabera, "gatazkaren konponbide prozesuko bigarren zatia" da gertatzen ari dena, eta "bi data esanguratsu daude: udal eta foru hauteskundeak eta orokorrak. ETA udaletxeetan eta beste euskal erakundeetan egoteko ahalegina egiten ari dira, eta ETAk gero mesedea itzuli egingo lioke Zapaterori, honek irabazteko boz orokorrak". Gaur berretsi egin ditu adierazpenok, "ekintzak eta jarrerak baitaude, eta ezker abertzalearen agiriek egiaztatzen dute hori dena".

Mariaxo Raxoi PPko presidenteak adierazi du hark "ETAz esaten duena entzun" egin behar dela. "Nik hala egiten dut". Antzekoa esan du Esperanza Aguirre Madrilgo erkidegoko presidente eta PPko kideak, "Mayor Orejak terorrismoaz hitz egiten duenean asmatu egiten baitu".

Rubalcaba: "PPk badaki ETArekin erabat baztertua dugula elkarrizketa"

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak kritikatu egin ditu Mayor Orejaren adierazpenak, "PPk badakielako ETArekin erabat baztertua dugula elkarrizketa".

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak azaldu du "arduragabekeria" iruditu zaiola PPko europarlamentariaren jarrera, "terrorismoaren aurkako borroka konfrontazio politikorako erabiltzen duelako".

Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Mayor Orejari eskatu dio negoziazioa dagoela frogatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.