GIZARTEA

PPk fetuen malformazioagatik abortatzea debekatu nahi du

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak azaldu du abortuaren legea aldatuko duela malformazioak dituzten fetuei "babes maila berdina eskaini ahal izateko. Emakundek salatu du PPren helburua "emakumeak kriminalizatzea" dela.

2012ko uztailaren 23a
13:51
Entzun

Emakumeek fetuen malformazioengatik abortatzea debekatuko duela esan du Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak La Razon egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Gallardonek azaldu du abortuaren legea aldatuko duela malformazioak dituzten fetuei "babes maila berdina eskaini ahal izateko".

Egun indarrean dagoen legeak abortu askea ezartzen du 14. asteraino. Emakumearen bizitza eta osasuna arriskuan jartzean edo fetuak irregulartasunen bat duenean berriz, 22. asteraino.

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak salatu du PPren helburua "emakumeak kriminalizatzea" dela. Gallardonek iragarritako aldaketa gaitzetsi du Silvestrek eta, indarrean dagoen legedia babestu "aurreratua delako eta nazioarteko hitzarmenekin bat datorrelako". "Abortuak ez dira geldituko, baina abortatzeko ahalmena baliabide ekonomikoak dituzten emakumeek bakarrik izango dute eta, gainontzekoak, legearen babesik gabe geldituko dira" azaldu du. 

Urte hasieran Espainiako Gobernuak iragarri zuen aldaketa partziala egingo diola 2010etik indarrean dagoen Abortuaren Legeari. Horrela, PPk 1985eko legea berreskuratu nahi du. 

Haurdunaldia eteteko, 16 eta 17 urteko neskatoek gurasoen baimena beharko dute legea aldatutakoan. Izan ere, urte tarte horretakoek ez dute gurasoen baimenik behar indarrean dagoen legearen arabera. Gurasoen baimenik ez, baina 2010eko legeak abortatzeko asmoa haiei jakinaraztera derrigortzen ditu neskak, salbuespenekin; mehatxuak, jazarpena edo familia barruko indarkeria jasateko arriskua duten neskek ez dute betebehar hori.

Halaber, Adingabearen Legea ere erreformatuko dutela iragarri du Gallardonek. "Helduek eta adingabeek batera egindako delituenatan, batera epaitu ahal izateko ari gara lanean", azaldu du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.