Bizkaiko PPk jakinarazi du Getxoko aurtengo udal aurrekontuak onartzeko akordioa hautsi egin duela, EAJk "jarrera desleiala eta mertzenarioa" duela egotzita, eta erabaki horren ostean Imanol Landa alkateak (EAJ) erretiratu egin du aurrekontu proiektua. Biharko udalbatzarrean ziren bozkatzekoak.
PPk eta udal gobernukide EAJk eta PSE-EEk maiatzean lortu zuten akordioa, "baina orduko EAJk ez du batere zerikusirik oraingo EAJrekin", esan du Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidenteak. Egoera aldatu duena EAJk joan den astean Espainiako Kongresuan PSOEk Mariano Rajoy (PP) gobernuburuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioa onartu izana izan da.
Hala, EAJrengan "konfiantza" galdu dutela adierazi du Gonzalezek, eta, beraz, ez direla fio "ezegonkortasunaren" alde apustu egin duen alderdi batekin. "Koldarra" izatea eta "traizioa" egitea leporatu dio, ohar baten bidez. PPko buruzagiaren ustez, bere alderdiak ez du mendeku jarrerarik hartu, baizik eta EAJk aukeratu duen bidearekiko erantzun bat da akordioa apurtzea.
EAJ izan zen duela hiru urte Getxoko talde bozkatuena. 9 hautetsi ditu, eta udal gobernukide PSEk, 2. PPk, 4. 25 eserleku daude udalean. Iazko aurrekontuak EH Bildurekin (4) adostu zituen udal gobernuak.
Getxo da Bizkaiko hirugarren udalerririk handiena, Bilboren eta Barakaldoren ondotik.