Azkenean Espainiako Konstituzioa erreformatzen bada, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa anexionatzeko aukera ematen duen laugarren xedapen iragankorra kentzea: hori defendatuko du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, gaur esan duenez. Iruñean adierazi du, PPk eta UPNk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara elkarrekin joateko akordioa sinatzeko ekitaldian.
Rajoyk "erabateko errespetua" agertu die Nafarroako Itun Ekonomikoari eta foru erregimenari. Eta esan du "oinarrizko bost printzipio" defendatzeko moduan izango direla, UPNrekin sinatu duten itunari esker: "Nafarroa foral eta espainiarra", askatasuna, ekonomiaren hazkundea, enplegua eta herritarren ongizatea.
Rajoyk azpimarratu du UPN eta PPren arteko akordioa nahi duela "Nafarroako gehiengo batek". Eta ukatu egin du senaturako aldaketaren aldeko lau alderdiek erdietsi duten akordioaren ondotik jarri direla ados.