Politika

PPk larunbat honetarako antolatu du manifestazioa

De Juanaren auzian Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren kontra deitu du ekimena. 'Espainia askatasunaren alde, ETAri ez eman amore gehiago' izango du leloa. Legealdian berak antolatutako aurrena da. Ostiralerako, berriz, elkarretaratzeak deitu ditu. Raxoik ez du esan bandera ez-konstituzionalak onartuko ez dituenik.

2007ko martxoaren 5a
14:53
Entzun
PPk gaur jakinarazi duenez, larunbat honetarako antolatu du Iñaki de Juana euskal presoari buruz Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren kontrako manifestazioa. Madrilen izango da, 17:00etan hasita, eta Espainia askatasunaren alde, ETAri ez eman amore gehiago izango du leloa, Mariano Raxoi PPren presidenteak jakinarazi duenez.



Lehen aldia da PPk berak Gobernuaren kontrako manifestazioa antolatu duena. Orain arte parte hartu izan du manifestazioetan eta abarretan, baina deitzaileak AVT edo Ermuko Foroa izan dira eta PPk atxikimendua eman izan die.

Manifestazio horietan bandera ez-konstituzionalak agertu izan dira. Raxoiri gaur kazetariek bost aldiz galdetu diote ea bandera horiek onartuko dituen larunbatean. PPko buruak saihestu egin du gaia. "Jende denari zabaldutako ekimena da, fede oneko jendeari", esan du.

Ostiralerako ere deitu mobilizaziorik PPk: Espainiako Estatuko hiriburuetan eta beste herri batzuetan elkarretaratzeak antolatu ditu.

Espainiako Gobernuko eta PSOEko arduradunek behin eta berriz esan dute De Juanaren auzian "legea erabat bete" dutela. Espainiako Auzitegi Gorenak presoari hiru urteko kartzela zigorra jarri ostean, auzia Gobernuaren esku geratu zen eta lehengo astean presoari bigarren gradua ematea erabaki zuen.

Mercedes Gallizo Espainiako Espetxeetako zuzendariak gaur esan du presoa osatuko balitz, sendagileek esan beharko luketela De Juanak zigorra non bukatu behar duen, etxean edo kartzelan. Presoa "oso larri" dagoela aitortu du TVEri emandako elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.