Aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkezteko asmoa azaldu du gaur ere PPk, Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun sailburuarekin bildu ostean.
Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan Anton Danboreneak esan du prest daudela aurrekontuak negoziatzeko, baina hainbat premisa beharrezkotzat jo ditu, aurrekontu "erreal" bat negoziatzea, esaterako.
"Esan diegu ulertzen dugula Eusko Jaurlaritzak, beste administrazio guztiek bezala, diru sarrera gutxiago dituela, eta beraz, gastuak murriztu behar direla. Baina ezin dugu ulertu Euskaditik kanpo gastuak egotea", esan du.
Basagoitik "arduraz" jokatzeko eskatu dio PSEri
Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko aurrekontuak onartzeko PPren eta PSE-EEren abstentzioa bilatu beharko luke Eusko Jaurlaritzak, Antonio Basagoiti PPko EAEko buruzagiaren ustez. "Arduraz" jokatzeko eskatu dio PSE-EEri, eta akordioa bilatzea galdegin dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari.
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Basagoiti. Gaur batzartu da Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriarekin, aurrekontuetan akordio batera heltzeko aukerak aztertzeko. Esan du prest dagoela "hitz egitera, negoziatzera eta esfortzu bat egitera", eta horrela jokatzeko eskatu dio PSEri.
Gaur-gaurkoz aurrekontuak onartzeko aukerarik ez dagoela uste du Basagoitik, eta bi arrazoi aipatu ditu: PSEk jarrera "arduratsua" ez izatea eta Urkulluren "lidergo falta". "Berak eseri behar ditu Lopez eta Basagoiti, bera da aurrekontuetan lasaitasuna egotea lortu behar duena", erantsi du.