Eusko Jaurlaritzak eginiko aurrekontu proposamena atzera botatzeko osoko zuzenketa aurkeztu du gaur PPk. Proiektuari "sektarioa" iritzi dio Arantza Quiroga PPko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, argudiatuta Jaurlaritzak diru sailak prestatu dituela besteak beste helduak euskalduntzeko, euskarazko komunikabideei laguntzeko eta "sasi-enbaxadak" mantentzeko.
Quirogak uste du aurrekontu proposamena ez dela "eraginkorra", eta oroitarazi du 1.200 milioi euro murriztu direla kontuak. Haren iritziz, proiektuak ez du "ekarpenik" egiten krisi ekonomikoari irtenbidea emateko, eta kontuak onartzeko negoziazioetan "proposmen zehatzak" egitea galdegin dio Jaurlaritzari.
Halaber, negoziazioei "seriotasunez" ez ekitea leporatu dio Quirogak gobernuari: "Iruditzen zaigu hedabideen aurrean salatu dugun bakoitzean Jaurlaritza ez zela gurekin harremanetan jartzen negoziatzeko, deitu egin gaituztela".
Zuzenketak "desaktibatzeko" astia
Hala ere, EAJk uste du ostiralera arte badagoela tartea aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak "desaktibatzeko". EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek ohartarazi du aurrekontuen inguruko eztabaidaren ondoren EAJk "gehiengo egonkor bat" beharko duela eta hori ez dela soilik bere alderdiaren esku egongo.
ETBn elkarrizketatu dute Egibar. Esan duenez, EAJk ez zuen aurreikusten kontuak luzatu beharra, baina gaineratu du hala eginda ere Jaurlaritzak lan egin dezakeela.