PPk PSOEren babesa lortu nahi du Hego Euskal Herriko hautesle errolda aldatzeko, eta babes horren bila, sozialistak are gehiago estutu ditu azken egunetan. Arnaldo Otegiri espetxean egindako ustezko entzuketa batzuk erabili ditu horretarako Alderdi Popularrak. Abc egunkariak eskuratu ditu ustezko entzuketa horiek, eta kazeta horrek dio ezker abertzaleko kidearen nahia dela EAJ eta PSOErekin bat egitea PP bakarrik uzteko.
Madrilgo gobernuaren asmoa da ETAren jardunagatik Hego Euskal Herritik joan omen ziren herritarrek aukera izatea Hegoaldean botoa emateko. Horretarako, nahiko litzateke Hegoaldean bost urte bizi izana frogatzea. Erreformaren konplexutasuna kontuan hartuta, PPk bat egite zabala lortu nahi du, beharrezkoa balitz Espainiako Konstituzioan, Gernikako Estatutuan eta Nafarroako Hobekuntzan aldaketak egin ahal izateko.
«Otegi edo Justizia»
Abc-k larunbatean kaleratu zituen ustez Otegirenak diren hitz horiek, eta atzoko alean Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteari eginiko elkarrizketa bana. Elkarrizketa horretan, honela mintzo da Basagoiti: «Orain PSOEk erabaki behar du Otegiri jarraitzearen eta justiziazko politika bat babestearen artean». Fernandez Diaz, berriz, «ziur» da sozialistek bat egingo dutela. Baina zalantza gehiago agertu du jeltzaleekin. «Hala ere, zail egingo zaie azaltzea zergatik dauden aurka».
EAJk jada adierazi du ez duela babestuko egitasmoa. Uste du erreformak Alderdien Legearen «antzeko helburua» duela. Iñigo Urkullu EBBko presidenteak berak behin baino gehiagotan erabili du putxerazo (iruzur) hitza.
Sozialistak, berriz, ez dira ez alde, ez aurka agertu. Egitasmoa aurkeztu zenean, PPren «hauteskunde interesekin» lotu zuten. Hala ere, azken egunetan gaiaren inguruan «bat egite zabalak» lortzearen alde azaldu dira, eta EAJrentzako mezuak ere izan dituzte. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, adibidez, herenegun esan zuen EAJ «ardura gutxirekin» jokatzen ari dela gai horretan, «putxerazoaz» hitz egiteagatik. Eta jeltzaleei leporatu zien «intxaurrak biltzea», ETAren presioaren eta atentatuetatik.
Hitz horiek haserrea eragin dute alderdi jeltzalean, eta gezurretan aritzea leporatu diote Aresi. «Aresek ondo daki zein izan den EAJren jarrera: ETAren kontra beti eta biktimen eta terrorismoaren deslegitimazioaren alde», esan du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak.
PPk PSOE estutu du, erroldaren erreforma babesteko
Egitasmoaren aurka ustez Otegiri grabatutako hitz batzuk erabili ditu Basagoitik sozialistak erakartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu