Bildu auzitegietan salatu dutela jakinarazi du Ramon Gomez PPko bozeramaileak. “Iruzur legala eta gehiegikeria” egitea egotzi die Gomezek, zezenketen inguruko erabakiak hartzeko eskumena Gasteizeko Legebiltzarrarena dela argudiatuz.
Joan den martxoan, ordea, Illumberi erabilera berria emango zitzaiola onartu zen Donostiako udaletxean. Dokumentu hartan, 2014-2015 urte bitarterako, baldintza berriak zehaztu zitzaizkion zezen plazari, eta debekatu egin zituzten animaliei tratu txarrak eragiten dizkien jarduera oro.
Zezenketen debekua salatu ostean, baina, argudio ekonomikoei eutsi die Gomezek: “Ekonomiaren eraginkortasun printzipioen kontrakoa da”: aste bakar batean zezenketekin udaletxeak eskuratzen duen errentagarritasuna galtzea dakar. Prentsaurrekoan erakutsi duen txosten baten arabera, zezenketen galera ekonomikoak “44 milioi eurokoak” direla jakinarazi du.