Leopoldo Barreda diputatuen biltzarreko PPren bozeramailearen iritziz, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariak “demokrazia defendatu” du, eta gaineratu du kontrakoa egiten ari dela EAJ: “Legezkotasuna bortxatzen ari da”.
Jone Artolak Aste Nagusiko ekitaldietan txupinera jantzia daramala salatu du Barredak, eta “mugak” jartzeko eskatu dio EAJri: “Jaien sinboloez jabetzen ari da, modu politiko batean gainera”. Haren ustez, “legezkotasuna defendatzen duenak ez du politizatzen”, bai ordea “preso dauden terroristak omendu eta biktimen eskubideak urratzeko jaiak erabiltzen dituenak”.
Konpartsen bitartez txupinera aukeratzeko metodoa gaitzetsi du: “Garrantzitsuak dira, baina ez dute inor ordezkatzen, ez baititu inork bozkatu”. Jaien inguruan erabakiak hartzeko “ostalariak eta dendariak ere” kontuan hartu behar direla adierazi, eta “azkeneko erabakiak udalarena” izan beharko lukeela gaineratu du.