PPk Talde Mistora bidali zuen Amaiur, talde propioa izatea zegokiola jakin arren

Koalizioak dio berretsi egin dela politikoa izan zela bera talderik gabe uzteko PPk hartutako erabakia

Espainiako Kongresuko lehendakari Jesus Posada eta Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo, hizketan, iragan abenduaren 19an. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ana Oramas Coalicion Canaria alderdiko diputatuak jakinarazi du «PPko goi kargudun batek» lehengo batean esan ziola Amaiur koalizioari Espainiako Kongresuan talde propioa izatea dagokiola, baina, hala ere, Talde Mistora bidaltzea erabaki zutela Kongresuko Mahaian, koalizioa iazko azaroaren 20ko hauteskundeetan Nafarroan botoen %15era heldu ez zela argudiatuta. Alegia, Mahaiak arbitrariotasunez jokatu zuela, oker jokatu zuela nahita, jakinik Amaiur —eta hedaduraz baita Talde Mistoa osatzen duten gainontzeko alderdiak ere— kaltetu egingo zuela. Hitz bat dago horretarako: prebarikazioa

«Amaiurrek Konstituzionalean irabazi egingo du auzia, baina hiru urte pasatuko dira horretarako, eta ordurako legealdia bukatua izango da», kontatu zion PPko kideak Oramasi, diputatu kanariarrak TVEko 24 horas saioan salatu duenez. «PPren erabaki politikoa izan zen», esan du Coalicion Canariako ordezkariak.

Oramasek egindako salaketa publikoak agerian utzi du Amaiur koalizioaren ustez, PPk «alderdi txikiekiko eta bereziki Amaiurrekiko duen mespretxua». «Argi eta garbi geratu da berriro, Amaiurri talde propioa ukatzeko PPk hartutako erabakia erabat politikoa izan zela, eta helburu bakarra zuela: Amaiurri boza eman zioten 330.000 euskal herritar ahotsik gabe utzi nahi izatea», adierazi du koalizioak prentsa ohar baten bidez.

Kongresuko Mahaiak —PPk gehiengo osoa du— abenduaren 15ean erabaki zuen Amaiurrek talde parlamentario propioa ez izatea. Independentisten eta ezkertiarren koalizioaren hautagaitza osorik hartu behar dela argudiatuta —lau euskal lurraldeetakoa, Nafarroa bereizi gabe—, eta Nafarroan ez zenez %15eko mugara iritsi —botoen %14,86 eskuratu zituen—, zerbitzu juridikoek zioten ez dituela baldintzak betetzen. Haren txostenak ez zuen ezertara behartzen, baina Mahaiak aintzat hartu zuen.

Amaiurrek Espainiako Gobernuari dei egin dio «behingoz onar ditzan azaroaren 20ko hauteskundeetako emaitzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.