PPk txupinera izendatzeko modua aldatu nahi du

2013ko abuztuaren 9a
16:12
Entzun

Bilboko PPk Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariaren eskariarekin bat egin du; Bilboko PSEk PP eta Urkijo kritikatu ditu, “atzerako ispilutik etengabe” begiratzea egotzita. Bilboko EH Bilduk ere PPren jarrera gaitzetsi du: “Bitariko batzordean Jone Artola Txupinera moduan aurkeztu zenean PPk ez zuen inongo arazorik jarri”.

Cristina Ruiz PPren Bilboko bozeramaileak ohartarazi du, Jone Artola Txori Barrote konpartsako kidea eta Etxerat-eko bozeramailea txupinera bada, ez direla abuztuaren 17ko txupinazora joango. Haren aburuz, izendapen horrek “biktimak mintzen ditu”, eta EAJ kritikatu du “beti ez ikusiarena” egiten duelako. Oraingoan egoera bestelakoa dela adierazi du: “Espainiako Gobernuaren babesa dugu”.  

Alfonso Gil PSEk Bilbon duen bozeramaileak Artola txupinera bezala “errespetatzeko” deia egin du. Urkijoren eta PPren jarrera gaitzetsi du, eta “gauzak nahasten” dituztela esan du: “Herri honek aurrera egin behar du elkarbizitzaren irakasgaia errekuperatzeko”.

Urkijo eta PPren jarreraz ere hitz egin du Bilboko EH Bilduk: “PPk sortu duen polemika artifiziala da erabat, eta Urkijoren helegiteak ez du ibilbiderik”. Gogora ekarri du Artola txupinera izendatzeko arrazoia: “Jone Artola konpartsa bateko sortzaile izategatik proposatu zuten Txupinera izateko, ez inoren arreba izategatik”.

Konpartsen “arazoa”

Ruizek nabarmendu du, datorren urteko Bilboko Aste Nagusiari begira, konpartsen “arazoa” konpondu nahi duela PPk. Urtero-urtero konpartsek aukeratzen dute txupinera, eta aurten, Artola proposatu dute. Ruizek hori aldatu behar dela azaldu du: “Gauzak horrela egiteko tradizioa dagoen arren, dena aldatu daiteke”.

Gilek, ordea, “konpartsen erabakia errespetatuko” duela jakinarazi du, eta gogora ekarri du aurten Txori Barroteko konpartsari tokatzen zitzaiola txupinera aukeratzea. Gilek ohartarazi du “biktimen duintasunaren kontrako erasorik” eman ez dadin zainduko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.