Mariano Raxoi PPko presidentearen jarrera babestu zuen Miguel Sanzek atzo, «logikoa eta arrazoizkoa» dela iritzita. Nafarroako presidentearen arabera, Raxoik Zapateroren gobernuarekin «zubi guztiak» etetea beste biderik ez zuen, PSE-EEk Batasunarekin bilera iragarri ondotik. Haren ustez, Espainiako Gobernuko presidenteak «adostasunerako oinarrizko joko arauak» hautsi ditu bilera dela-eta. AVTk datorren larunbaterako Madrilen deitu duen elkarretaratzean parte hartuko duela jakinarazi zuen Nafarroako gobernuburuak. Madrilen egin zituen adierazpenok Sanzek, Foro Nueva Economia delakoan.
Sanzen hitzetan, PSE-EE Batasunarekin biltze hutsa «ordain politikoa da», eta kontraesanean dago Zapateroren «esaldi famatuarekin», alegia, aurrena bakea finkatu behar dela, gero politikari ekiteko. Eta bere ustez, «ez du balio 1998an Aznar Batasunarekin bildu zela esateak, orduan alderdi legezkoa baitzen eta inguru terroristak armak uzteko borondatea zuen ziurtatzeko baino ez zen egin». Sanzek argudiatu zuenez, Batasunaren eta PSE-EEren arteko bilerak urratu egiten du Alderdien Legea. Honenbestez, bilera hori egitekotan Alderdien Legea indargabetzeko «ausardia» izan dezala eskatu zion PSOEri: «Botoak badituzte. Ekimen horren koste politikoa har dezatela euren gain».
Bestela, Batasunak Alderdien Legea bete behar duela esan zuen, eta «orduan bakarrik izango da legezkoa eta defendatu ahal izango dituzte instituzioetan euren helburuak, autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna». Sanzek esan zuenez, Batasuneko kideek «damutu» egin behar dute eta «barkamena eskatu».
NAFARROAREN AUZIA. Alderdien mahaiaren aurka mintzatu zen Sanz, sinetsita dagoelako Nafarroaren auzia negoziazio gaien artean izango dela: «Inork sinesten al du alderdien mahaian Batasunak ez duela Nafarroaren etorkizuna planteatuko?». Gai honi dagokionean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari argi ez hitz egitea egotzi zion: «Topikotan eta sinplekeriatan babesten da, indarrean dagoen legeria beteko dela esanez adibidez. Besterik ez genuen behar! Baina zuk argitu behar duzu, legeriaren barruan, zer iritzi duzun Nafarroaz».
Nafarroaren etorkizunaz erreferenduma egiteari uko egingo diola adierazi zuen, «ETAk eskatzen duelako». Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrak aurreikusitako galdeketa egitea, berriz, bat egitea nahi dutenak proposatu beharko luketela ohartarazi zuen: «Beldurra eurek dute, ez baitute erreferenduma deitzen».
Lehenagotik ere egin zuen moduan, Nafarroa Bai koalizioak «Nafarroa Ez» izena hartu beharko lukeela esan zuen, «foru erkidegoa desegin eta Euskal Herria esaten dioten ameskeria horretan sartu nahi duelako».
############
«Inork sinesten al du mahaian Batasunak ez duela Nafarroaren etorkizuna planteatuko?»
«Nafarroaz, topikoetan eta sinplekeriatan babesten da Zapatero, legeria beteko dela esanez adibidez»
MIGUEL SANZ
NAFARROAKO GOBERNUKO PRESIDENTEA
PPk «zubi guztiak haustea» beste biderik ez zuela adierazi du Sanzek
Larunbatean Madrilen izango dela iragarri du Nafarroako Gobernuko buruak, AVTren ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu