Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatuaren bulego atarian escrache-a egitera deitua zuen gaur arratsalderako Stop Kaleratzeak taldeak, baina ezin izan dute egin, Ertzaintzak galarazi egin baitie. Taldeko ordezkariek azaldu dutenez, Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariaren ohar bat jaso dute gaur arratsaldean bertan; idatzian, jakinarazi die han inguruan bizi dela Azpiroz bera, eta han protesta egitea "osotasun moralaren aurkako erasoa" litzatekeela. Protesta handik 300 metrora baino gutxiagora ez egiteko agindu die. Stop Kaleratzeak taldeak manifestazioa egin du Amara auzoan. Eta Irun plazan amaitu dute protesta. Bertan hainbat kaltetuk euren egoeraren berri eman dute.
Santurtzin, bestalde, Ezkerraldeko hainbat gizarte muginduk egin zuten atzo protestaldia, etxe kaleratzeen aurka.
Datozen egunetarako protesta gehiago antolatzen ari dira. Stop Kaleratzeak bi escrache protesta deitu ditu biharko: 11:00etan Bilbon, PPko egoitzan; eta Irunen (Gipuzkoa) 18:00etan, herri horretako popularren egoitzan. “Iazko apiriletik Irunen ez da etxe kaleratzerik izan”, esan du Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperrek. Donostian PPko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan.
Ostegunean Getxoko alkate Imanol Landaren aurka egingo dute escrache-a Bilbon, BBKren batzarrean parte hartuko duela-eta. Egun berean, Donostiako Andia kalean dagoen Kutxabaneko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, 15:30ean.