politika

PPko zinegotzi bat jotzeko keinua egiteagatik lizartzar batek jasotako zigorra "neurrigabea" dela salatu dute

Lau urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Gorenak Kontsuelo Agirrebarrena 61 urteko emakumeari. Bestalde, herenegun goizaldean Aranalderi egindako harreran jasandakoa azaltzeko prentsaurrekoa egingo dute gaur Ibarran.

2009ko abuztuaren 29a
18:00
Entzun
Auzitegi Gorenak lau urteko espetxe zigorra ezarri zion duela bi hilabete Lizartzako (Gipuzkoa) emakume bati, 2007ko protesta batean Begoña Pereira PPko zinegotziari ikurrinaren makilarekin jotzeko keinua egiteagatik. Gaur, Lizartzako herritarrek agerraldia egin dute, eta Kontsuelo Agirrebarrena 61 urteko emakumearen aurkako epaia "neurrigabea" dela salatu dute. Epaian jaso dutenez, emakumeak ez zion zauririk egin zinegotziari, baina erasotzen saiatu zen, eta, beraz, "autoritateari atentatua" egin zion.

Espetxe zigorraz gain, 1.800 euroko isuna ere ezarri diote Agirrebarrenari. Emakumeak jasotako zigorra salatzeko irailaren 6an Lizartzan manifestazioa egingo dute 18:00etan.

Maite Aranalderi egindako ongietorrian jasandakoa azalduko dute, gaur Ibarran

Herenegun goizaldean Maite Aranalde euskal preso ohia bere sorterrira, Ibarrara (Gipuzkoa) iritsi zen eta bertan hainbat senide eta lagun zain zituen, ongietorria egiteko prest. Aranalde zihoan autoaren aurrean txalotzen hasi bezain laster, bildutako jendearen aurka egin zuen Ertzainak. Ertzaintzak hainbat lagun zauritu zituen, eta horietariko batek ospitalera joan behar izan zuen. "Terrorismoa goraipatzea" leporatuta lagun bat ere atxilotu zuen, baina ordu batzuen buruan aske utzi zuten. Gaur arratsaldean herritar talde batek ongietorri horretan jasandakoa salatu eta argibideak emateko agerraldia ari dira egiten Ibarran.

Aranalde asteazkenean Espainiaratu zuen Frantziak, bertan lau urte eta erdiko kartzela zigorra bete eta gero. Egunean berean Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten, eta Ismael Moreno epaileak aske utzi zuen, 12.000 euroko bermearekin. Ostegunean atera zen Madrilgo Soto del Realgo kartzelatik. 20 bat senide eta lagun joan ziren Madrilera. Prentsa ohar baten bidez salatu dutenez, haren zain zeundela Guardia Zibilak identifikatu zituen eta haien autoak miatu. Euskal presoak Euskal Herrira zioten pankartak kendu zizkieten.

Akusazioa handitzeko asmoz

Aranalderen aurkako beste euroagindu bat eskatu dio Auzitegi Nazionalak Frantziari. Horrekin, lehergailuak jartzea leporatzen ahalko dio. Auzitegi Nazionalak dioenez, lehenagotik ere eskatu zion, baina Frantziak galdu zuen. Bestalde, Fiskaltzak helegitea jarri dio Aranalde baldintzapean aske uzteko erabakiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.