euskal herria

PPko zinegotziak eta eskoltak "kolpeka" sartu zirela salatu dute Laudioko auzipetuek

2003ko ekainaren 14an udalbatza osatzeko saioan PPko kargudunei eraso zietelakoan epaitzen hasi dira hemeretzi laudiotar. Fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du epaitutako bakoitzarentzat.

2012ko urtarrilaren 23a
20:07
Entzun

Laudioko (Araba) hemeretzi herritarren kontrako epaiketa hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2003ko ekainaren 14an PPko kargudun publikoei eraso zietela leporatuta. Fiskaltzak dio bizilagun horiek "Batasunarekin duten harremana edo sinpatia" dela medio jo zituztela Santiago Abascal Conde, Rose Maria Torres eta Montserrat Canive zinegotziak, eta jendearen artean zeuden PPko beste batzuk: Esau Martin Amurrioko alkatea, Carlos Urkijo eta Santiago Abascal Eskuza parlamentariak eta Francisco Javier Mosquera PPko kidea.

Auzipetuek, ordea, epaiketan salatu dute PPko kideek eta euren eskoltek erabili zutela indarkeria, eta esan dute udalbatzen aretora "kolpeka" sartu zirela. "Bizkartzainak indarrez sartu ziren zinegotziek eseri behar zuten lekura iritsi nahian, eta ez dut uste horren beharra zegoenik", esan du Gaizka Amorrortuk, Laudio Aurrera legez kanpo utzitako plataformako kideak. "Indar handiz sartu ziren, jende asko zegoen, eta tentsioa sortu zuten", gaineratu du Jon Ander Altubek, 2003ra arte alkate zenak. "Aurretik zegoen guztia eraman zuten", azaldu du Aitor Goikoetxeak.

PPkoek eurak jo zituztela salatu dute

Euren helburua Pablo Gorostiaga ordura arteko alkateari babesa adieraztea zela gaineratu dute, eta salatu egin nahi zutela ez ziotela uzten berriro aurkezten. "Alkate eredugarria zen", adierazi du Iker Roizek. Oihana Gomarak lurrera bota zutela salatu du, eta Urtzi Goitiak esan du Santiago Abascal zinegotziak ostikoa jo ziola. Kepa Garrotek esan du berari Carlos Urkijok jo ziola.

Fiskaltzak "terrorismo indarkeria" leporatu die Laudioko bizilagunei, eta hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorra eskatu du. Hemeretzi lagunak hauek dira, aipatutakoez gain: Angel Benito, Alfredo Remirez, Asier Barruetabeña, Beñat Mendiguren, Aitor Basterra, Carmelo Serrano, Saioa Ugarriza, Eulalia Aramendi, Miguel Angel Mate, Jesus Maria Gomez, Aitor de la Torre eta Oier Amorrortu. Espetxe zigorraz gain, hainbat isun ere eskatu ditu. Fiskalak dio auzipetuek ukabilkadak eta ostikoak jo zizkietela PPkoei, txistua bota zietela eta "pin, pan, pun" oihu egin zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.