Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

PPrekin eskubideak «galduko» direlako, bere alde egiteko eskatu du Rubalcabak

Kanpainan Euskal Herrira egindako azken bisitan krisia izan du hizpide bakar; euskal auzia ez du aipatu

Ramon Jauregi, Patxi Lopez eta Alfredo Perez Rubalcaba, atzo, BECen sozialistek egindako ekitaldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Barakaldo
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Egoera ekonomikoa, krisia eta eskubide sozialak izan ditu hizpide Alfredo Perez Rubalcabak Barakaldon. Hauteskundeetarako kanpainan Euskal Herrian egingo duen azken mitina izan da BECekoa, baina ez ditu ez euskal gatazka ez ETAren amaiera aipatu ere egin. «Zer egin ez dakitenengana» zein «botorik eman nahi ez dutenengana» zuzendu ditu azken hitzak: «Kontuan har dezatela botoak direla gauzak aldatzen dituztenak. Indeferentziak ez duela ezer aldatzen. Botoa eskatu behar zaie haien eskubideak murriztu ez ditzaten: eskuma zenbat eta indartsuago egon orduan eta murrizketa gehiago egongo direlako». Osasuna aipatu, eta luze aritu da osasun publikoari buruz; baita hezkuntza sistemari buruz, eta langabeziaren prestakuntzak jasotzeko eskubideari buruz. Izan ere, Rubalcaba seguru dago Mariano Raxoi Espainiako gobernuburu izan ezkero, «urte luzeetan eskuratutako lorpen» guzti horiek galdu egingo direla. «Raxoi eta ni ez gara berdinak», errepikatu du behin eta berriz; «eskuma eta ezkerra ez gara berdinak». Raxoiri bere benetako programa «ezkutatzea» eta krisia «azken botoak eskuratzeko» aitzakiatzat erabiltzea egotzi dio.

Espero baino beteago zegoen BECeko aretoan esan ditu horiek Rubalcabak, entzuleen txalo, animo eta oihu sentituen artean. 3.000 bat lagun bildu ditu Alderdi Sozialistak. Askoz gutxiago espero zituen, eta azken momentuan ehunka eserleku gehitu behar izan dituzte mitinerako atondutako gunean.

Sartu ezinik zegoen jendetzak sortutako nahasmenak, ordu erdiz atzeratu zuen ekitaldiaren hasiera. Itxaronaldi atsegina izan zen, hala ere. 20:00ak arte, Alejo Stivel musikariaren kontzertua zuzenean entzunaz itxaron zieten hizlariei sozialisten jarraitzaileek, kanta ezagunekin animoa berotuta. Vamos a tocar un rock and roll en la casa del pueblo, hasi zuten kanta ezaguna moldaketa eginda. Qué hace una chica como tú en un sitio como este, abestu zuten gero, eta Pablo Milanesen bertsioa ere bai. Salta! abestiak animatu zituen gehien entzuleak. Kontzertua amaituta, PSOEk hauteskunde kanpainetarako erabiltzen duen ereserki ozenak bat batean zutitu zituen entzuleak. Ikurrinak eta PSOEren banderak astinduz eta txaloka hartu zituzten hautagai nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ia 20:20ean. Are indar handiagoz txalo eginda amaitu zen ekitaldia, ordubete beranduago.

Rubalcabak ez, baina Patxi Lopez lehendakariak bai, hartu zuen hizpide euskal gatazka. Alderdi Sozialistaren «konpromiso handiak» zeintzuk diren esaterakoan aipatu zuen. «Akordioakbilatzea da gure konpromiso handia; Espainian krisia gainditzeko, eta, Euskadin, terrorismoa gaindituta egonik, elkarbizitza guztien artean eraiki ahal izateko batasuna bilatzeko».

Hitzaldiaren hasieran, euskaraz ere zabaldu du ideia: «Terrorismoa amaitu dugu, garaitu dugu». Orain, egoera berria «gorroto gabe» landu daitekeela esan, eta «elkarlana» behar dela adierazi du. Memoria gorde eta «egiazko kontakizuna» egin beharra ere aipatu du Lopezek, «indarkeria sekula bueltatu ez dadin».

Eduardo Madinak gazteen botoa eskatu du. «Berebiziko garrantzia duen unea da eta langileen eskubideak Rubalcabak gordeko ditu; ez dago besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.