"Datorren igandean abertzalea ez den boto batek berak ere ezin du EAJren hautesontzian amaitu edo etxean geratu". PPko lehendakarigai Antonio Basagoitik esan du hori gaur, Bilbon eginiko ekitaldi batean. Bertan izan da, besteak beste, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea. Basagoitik adierazi du "gehiengo" direla EAJren "neurri bakarreko soinekoan" sartzen ez direnak, eta leporatu dio botoak "CiUk Katalunian eginiko bera edo okerrago" egiteko erabiltzea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garrantziaz ohartarazi du Basagoitik; "Euskadiren lasaitasun maila" aukeratuko dela esan du, "guztiaren etorkizuna baldintzatu" egingo duelako. Soilik bi aukera daudela nabarmendu du: EAJren "Espainia komunaren haustura", eta PPrena, "Euskadi Espainia eta Europa barnean indartzearena". Basagoitik gaineratu du hauteskundeetan bozkatuko dela ea EAJk "independentziaren meloia irekitzeko nahikoa indar" izango ote duen.
ETAren biktimak oroitu ditu Basagoitik: "Etorkizuna soilik oroimenaren gainean eraiki daiteke".