Bigarren urtez jarraian, PPren babesari esker aurrera atera ditu aurrekontuak Eusko Jaurlaritzak. Ezusterik ez da izan Eusko Legebiltzarreko bozketan, eta PSE-EEren eta PPren 38 botoekin 2011ko aurrekontuak onartu ditu ganberak. Joan den urteko gidoiari jarraituta, aurten ere abstentzioaren alde egin dute EAJko 30 legebiltzarkideek. Horrela, aurkako zazpi boto baino ez ditu izan aurrekontuak: Aralar, EA, EB eta UPDrenak. PSE-EEk eta PPk ez dituzte aintzat hartu lau taldeok osoko bilkurarako gordetako ehunka zuzenketa partzial, eta ia denak atzera bota dituzte: aurrekontuen euskarazko bertsioan ageri diren akatsak zuzentzeko Aralarrek aurkeztutako hiru zuzenketa baino ez ditu onartu Legebiltzarrak.
Honezkero, 10.500 milioi euroko aurrekontua izango du Euskal Autonomia Erkidegoak datorren urtean, aurten baino %2,3 txikiagoa. Herriak krisialdi egoera batean behar dituen aurrekontuak direla esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. Eraikuntza politiko eta sozialean aurrera egiteko aurrekontu «zorrotzak» direla azaldu du. PPk emandako babesa eskertu du Pastorrek, etaPSE-EEren eta PPren arteko ituna «sasoi onean» dagoela azpimarratu du. Era berean, EAJrentzat esker oneko hitzak izan ditu, abstentzioaren alde egin duelako. Hala ere, «ausardia» gehiagorekin jokatzeko deia egin die jeltzaleei, eta Madrilen izandako jarrera bera izateko eskatu die: «Ez dugu ulertzen nola den posible Espainiako Gobernuarekin elkar ulertzeko gai izatea eta ahalegin bera ez egitea Eusko Jaurlaritzarekin».
EAJk Zapateroren gobernuarekin lortutako akordioak defendatu ditu Ricardo Gatzagaetxeberriak, horien bitartez enplegu politika aktiboen transferentzia eskuratu duelako Jaurlaritzak. Hala, herriarekin «erantzukizunez» jokatu nahi duelako erabaki du EAJk aurrekontuei kontrako bozik ez ematea. Hori izan da arrazoi nagusiena, eta ez besterik. Izan ere, Gatzagaetxeberriak argi utzi du Lopezen gobernuaren aurrekontuak ez direla «nahikoak» EAJrentzat. Areago, azaldu du jeltzaleek «kezka handiz» ikusten dutela EAEk datorren urtean izango duen zorpetzea. Haren hitzetan, 4.303 milioi euroko zorpetzea du gobernuak, duela urte eta erdi baino %575 handiagoa.
Gainera, Jaurlaritzaren kudeaketarekin kezkatuta daudela gaineratu du EAJkoak. Azken soziometroaren emaitzak gogoan hartuta, esan du gizarteak ez duela konfiantzarik Lopezekin: «Gobernuak sinesgarritasun arazo bat dauka».
Gizarte eredua
Aralarrek, EAk eta EBk gizarte alorrean «murrizketak» egitea leporatu diote Lopezen gobernuari. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak salatu du ezkerreko ikuspuntu batetik «antisozialak» direla aurrekontuak eta ikuspuntu abertzale batetik herriaren nortasunaren aurka doazela. Edukietan ez ezik, formetan ere «kale» egin izana leporatu dio Maeztuk PSE-EEri, aurrekontuen inguruan adostasuna bilatzeko borondatea «hutsaren hurrengoa» izan delako. Gainera, PSE-EEk eta PPk adostutako zuzenketekin bereziki bi alderdiok gobernatzen dituzten udaletera dirua emango dela salatu du Maeztuk.
EAko Juanjo Agirrezabalarentzat, «lehengo lepotik» dute burua 2011ko aurrekontuek: «Antisozialak dira, Madrilen politika ekonomikoei jarraipena ematen diete, eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak errefusatzen ditu». PSE-EEren eta PPren eredua arbuiatu du EAkoak, eta herritarren eskubideetan oinarritutako eredu bat martxan jartzea proposatu du.
EBko Mikel Aranarentzat, «ongizate estatu sendoa» lortzeko gizarte eredu aproposik ez dute jasotzen aurrekontuek. Gainera, Jaurlaritzari herrirako egitasmo zehatzik ez izatea leporatu dio, bai eta arlo sozialean gehiegizko murrizketak egitea ere.
Aurrekontuak negoziatzeko borondaterik ez izatea egotzi dio UPDko Gorka Maneirok Lopezen gobernuari. Eta hainbat arrazoi eman ditu aurrekontuen aurka bozkatzeko: besteak beste, zerga politika egokia ez dutela bultzatzen, «Euskadin aldaketa» ez dutela bermatzen eta Hezkuntzan eta Osasunan murrizketak egiten dituela salatu du UPDko parlamentariak.
«Ibarretxeren eredu bera»
Aurrekontuei egindako kritikei erantzun die PPko Antonio Danboreneak. Azpimarratu du Jaurlaritzaren kontu publikoetan ez dagoela murrizketa sozialik. Haren iritziz, Jaurlaritzak proposatzen duen gizarte eredua Ibarretxeren gobernuak zuenaren parekoa da, eta horregatik ez du ulertzen zergatik kritikatzen dituzten aurrekontuak bere garaian hiruko gobernua osatzen zuten alderdiek.
PPren babesarekin aurrera atera ditu aurrekontuak Jaurlaritzak, bigarren urtez
EAJ abstenitu egin da, eta Aralar, EA, EB eta UPDk kontra bozkatu dute, «antisozialak» direlakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu