Hedabideek gaur zuten azken eguna abenduaren 20ko hauteskundeen inguruko inkestak argitaratzeko, eta hala egin dute kazeta ugarik. Antzeko irudia marraztu dute gehienek: batetik, PP litzateke gehien bozkatutako indarra, eta PSOE bigarrena; bestetik, PPren eta Ciudadanosen arteko balizko akordio batek ez luke ziurtatuta edukiko gehiengo osoa, eta hirugarren indarraren babesa beharko luke gobernua osatu nahi duen alderdiak.
GAD3 etxeak Abc-rentzat eginiko inkestaren arabera, botoen %28,3 eta 117-124 diputatu lortuko lituzke PPk Espainiako Kongresuan. PSOE urrun legoke, botoen %21,2 eta 83-85 ordezkari erdietsita. Ciudadanos litzateke hirugarren indarra (%18,1 boto, 59-63 eserleku) eta Podemos laugarren (%17,6 boto, 50-53 ordezkari). Inkesta horren arabera, EAJk sei ordezkari lituzke kongresuan, eta bostera jaitsiko litzateke EH Bildu.
Bi indar nagusientzat babes urriagoa iragarri du Sigma Dos etxeak El Mundo egunkariarentzat eginiko inkestak: 114-119 diputatu lituzke PPk, eta 76-81 PSOEk. Hirugarren izateko lehian, Ciudadanosek (62-69) aurre hartuko lioke Podemosi (56-60). EAJk bost diputatu lituzke ( 2011n baino bat gutxiago) eta EH Bilduk lau (-3).
Metroscopiak eginiko inkesta argitaratu du El País-ek. PPk 105-112 diputatu lortuko lituzke, eta PSOEk, 85-94. Boto portzentajean, Podemos jotzen du kazeta horrek hirugarren indar (%19,1, 55-64 ordezkari), baina eserleku kopuruan, Ciudadanosek lor litzake gehiago (%18,2, 53-67).