EAE-ko aurrekontuak

PPren iritziz, Jaurlaritzak iazko aurrekontuak luzatu nahi ditu, baina akordioa adosteko prest agertu da

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua Antonio Basagoiti, Arantza Quiroga eta Anton Danborenearekin bildu da, 2013rako lantzen ari den aurrekontuen aurreproiektua azaltzeko. Eragileak kezkatuta agertu dira euskara eta kultura marra gorrietatik kanpo uzteko nahiarekin.

2013ko otsailaren 28a
18:55
Entzun

Bileraren ondoren Quirogak esan du ez dietela eman murrizketen berri, eta Osasun Saila izan ezik, itxi gabe dagoela beste sailek zenbat diru izango duten. "Kopuru orokorrak ematen dituzte, baina aurrekontuak egin gabe daude", adierazi du.

Jaurlaritzak martxoaren 12an onartu nahi du aurrekontuen aurreproiektua, ondoren legebiltzarrera eraman eta horiek onartzeko babes bila hasteko. Hain zuzen, helburu horrekin hasi zuten atzo bilera erronda EH Bildu eta PSE-EErekin. Jose Antonio Pastorrek ere esan zuen bere ustez Jaurlaritzak aurrekontuak luzatu nahi dituela.

Quirogak, ordea, gaineratu du PPn akordioak adosteko prest daudela, "batez ere, krisi ekonomikoaren garai honetan". Urkulluk atzo alderdiei eskatu zien egoera ekonomikoaren "errealitate gordinaren aurrean" zentzuz jokatzeko, eta enplegu publikoa eta herritarren oinarrizko zerbitzuak mantenduko direla bermatu du. 

Euskara eta kultura, marra gorrietatik kanpo

Gatzagaetxebarriak goizean aurreratu zuenez, ordea, euskara eta kultura lehentasunetatik kanpo geratuko dira aurrekontuetan, eta ez dira Jaurlaritzaren marra gorrietan sartuko. Urkulluk ondoren esan zuen euskararekiko "konpromisoa" duela gobernuak, baina eragileak kezkatuta agertu dira Gatzagaetxebarriak esandakoarekin.

Euskara "lehentasunezko" alorren artean ez aipatzea kezkagarri zaie. Jasone Mendizabal, Topagunea euskara elkarteen federazioko ordezkaria: "Hizkuntz politikari eta kulturari zer balio ematen dioten agerian geratzen da. Azken lerroan geratzen da". Barandiaran: "Marra gorrietan inoiz ez da euskalgintza aipatzen, eta guk behin eta gehiagotan esan dugu euskal hedabide asko marra gorrien azpitik daudela jadanik".

"Ziurgabetasuna eta beldurra"

AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak gaineratu du zain eta beldurrez daudela: "Ziurgabetasuna ikaragarria da, eta kezka, handia. Kaltea handia litzateke!". Hizkuntz politika eta kultura lehentasunetan ez sartuta, alor horietan "sarraskia" egingo duten beldur da Mugika. "Badakite zer behar dauzkagun. Kontraesana ikusten dut: hizkuntza biak maila berean jartzeaz ari dira, baina, horretarako, politikak behar dira, eta dirua".

Barandiaran: "Esan digute estrategiko direla hedabideak. Zain gaude, baina iragarpenak ez dira onak". Batzuen egoera ezin dela okertu nabarmendu du Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko ordezkari Oskar Aranzabalek: "Aurreko gobernuak ez zigun ezer eman; orain espero dugu zerbait".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.